Zaintzako langileek greba egin dute ELA sindikatuak deituta
Zaintza publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izatea eskatu dute. Gutxieneko zerbitzuen ondorioz, egoitzetan ohi baino langile gehiago egon direla salatu dute
Zaintzako hainbat sektoreetako langileek greba egin dute, ELA sindikatuak deituta. Zaintza profesionala publikoa, duina, unibertsala eta doakoa izan behar dela aldarrikatu dute. Hainbat herri eta hiritan manifestazioak eta elkarretaratzeak egin dituzte. Besteak beste, Zumarragan.
Zumarragako ekitaldian Ainitze Sudupek eta Sandra Lopezek hartu zuten hitza. «Gaur ez gaude hemen egotea gustatuko litzaigukeen guztiak eta gure lehen oroitzapena beraientzat da: etxeko langileentzat, grebarako eskubiderik eta oinarrizko lan eskubiderik gabe, kasu askotan esplotazio eta abusu baldintzetan, zaintzaren funtsezko zati bat osatzen dutenentzat».
Gutxieneko zerbitzuak betetzen ari ziren lankideak ere gogoratu zituzten. «Eusko Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak ezarritako gutxieneko zerbitzuek grebarako eskubiderik gabe utzi gaituzte gutako gehienak. Gutxieneko zerbitzu hauek oso argi erakusten dute gure instituzioek zaintza sektoreko enpresekiko duten erabateko menpekotasuna. Sistemaren maltzurkeria oso agerian uzten dute: Eusko Jaurlaritzak gutxieneko zerbitzuak ezartzen ditu eta horrek berekin dakar gaur jende gehiago aritzea gutxieneko zerbitzu gisa lanean, ratioei buruzko dekretuak berak egun arrunt baterako eskatzen dituenak baino. Izugarria!».
Sistemaren krudeltasuna salatu zuten. «Bizi dugun sarraskiaren erruduna ez da bakarrik COVID-19a. Guztiz ankerra den sistema hau ere bada errudun. Sistema ehunka hildako uzten ari da. Lanera goazen bakoitzean beldurrez goaz. Izan ere, maite eta estimatzen dugun jende asko hiltzen dela ikusteaz gain, gure eta gure senideen osasuna arrisku larrian jartzen ari garenaren oso jakitun gara», aipatu zuten Sudupe eta Lopezek.
Zaintza sektoreko lankidetza publiko-pribatuaren aurka azaldu ziren, bidegabekeria asko ezkutatzen dituelako. «Plantillak eskasak dira eta ratioak gizagabeak. Zaintzaileok gaizki tratatzen gaituzte, ez dute behar besteko arreta bermatzen eta pertsonek zainduak izateko duten eskubidea urratzen dute. Lan egutegiak gizagabeak dira, soldatek ez dute hilabete bukaerara iristea bermatzen, baliabide materialetan eta babes neurrietan ez da behar beste inbertitzen, arreta eskasa eta gizatasunik gabea da (emakumezko langileen aparteko ahaleginean bakarrik oinarritzen da) eta pribatizazioaren aldeko apustu sendoa egin dute. Sistemak enpresen irabaziak bermatzen ditu, plantillak eta arreta denbora murriztuz eta lan baldintzak okertuz», azaldu zuten.
Sistema aldaketa
Milaka emakume «esklabotzatik, klandestinitatetik eta prekarietatetik» ateratzeko bide bakarra sistema aldatzea dela gehitu zuten. «Langile guztiak publikoak izango garen sistema behar dugu, plantilla zabalak eta hurbilekoa eta goxoa den zaintza bermatuko dituena, lan baldintza duinak dituena, genero arrakala ezabatzeko benetako neurriak dituena, laneko osasuna bermatzeko neurri eraginkorrak dituena eta langileen osasun emozionala zainduko duena».
Sistemarekin bukatu arte ez direla geldituko aurreratu zuten. «Gehiegi da jokoan duguna interes pribatuen esku uzteko. Ez dugu onartuko pertsonen bizitzarekin negozio egiten jarraitzea. Une historikoa bizitzen ari gara eta historia aldatzera etorri gara».