A-636k badu prezioa
Beasain-Bergara autobidea ordainpeko lau zatitan bereizi dute. Ibigailu arinen, astunen eta oso astunen kanonak zehaztu ditu aldundiak. Hiru arkuk identifikatuko dute ibilgailuen pasaera
Gipuzkoako Foru Aldundiak Beasain-Bergara autobidearen (A-636) ordainketa-sistemari buruzko foru araua argitaratu du. Errepidea erabiltzeagatik, zatika ordainduko den kanonaren kopuruak arautu ditu.
Ordainpeko zatiak hauek izango dira: Beasaindik Ormaiztegiko lotunera (0-2,8 kilometro puntua), Alegiako lotunetik Zumarragako lotunera (5-10,4); eta Urretxu/Legazpi lotunetik Bergarara (12,5-19,8). Antzuolako irteeran (Deskarga) beste kanon bat aplikatuko dute, Urretxutik.
Autobidean zehar hiru arkuren bidez hartuko dituzte ibilgailuen matrikulak, eta titularrei kobratuko die Bidegik kanona, loturiko kontutik. Beasaingo arkuan Beasain-Ormaiztegi zatia (2,8 km) fakturatuko da; Ezkioko arkuan Ormaiztegi-Zumarraga zatia (5,4 km) eta Deskargako arkuan Legazpi/Urretxu -Bergara Ekialdea zatia (7,3 km).
Hiru ibilgailu motak ordaindu beharko dute A-636an: ibilgailu arinek, astunek eta oso astunek. Motoak salbuetsita daude.
‘Bira’ osoa ordainpekoa
Gipuzkoa zeharkatzen duten zirkulazio-ahalmen handiko bi errepide nagusiak (AP-8 gehi AP-1 eta N-1 gehi A-15) lotzen ditu Beasain-Bergara autobideak. «Koherentziagatik eta sarearen uniformetasunagatik», zeharkako korridore horretan ere ordainketa sistema jartzea «neurri eraginkorrena» dela iritzi dio Gipuzkoako Foru Aldundiak.
Diru iturri hori bide azpiegiturak mantentzeko eta kudeatzeko kostuak finantzatzen laguntzeko izango dela dio dekretuak: «Erabileraren ondorioz jasandako narriadura arindu eta zerbitzu maila ezin hobea mantendu nahi da». Hileko gastu-muga bat mugatuko dute gidarientzat.
Kanonak eta ordainpeko bide zatiak zehaztu ondoren, Diputatuen Kontseiluak erabakiko du noiz hasi kobraketa; 2022ko uztaila baino lehen behar du.