Jaurlaritzak beste hamabost egunez eutsiko die prebentzio neurriei
Hartutako neurriak "egokiak eta proportzionalak" direla ondorioztatu du LABI jarraipen batzordeak, eta gutxienez beste bi astez, abenduaren 5era arte, luzatuko ditu.
Koronabirusaren jarraipenerako LABI batzordearen bilera bukatu berritan, Gotzone Sagardui Osasun Sailburuak azaldu du mantendu egingo dituztela indarrean dauden prebentzio neurriak. Lehendakariak dekretu bidez luzatuko du azaroaren 6an onartutako dekretuaren iraupena. Epe muga zehaztu ez badute ere, hamabost egun barru egingo den LABIren bileran berrikusiko dutela azaldu du sailburuak.
Mugikortasunak mugatuta eta ostalaritzak itxita jarraituko dute, beraz, abenduaren 5era arte. Batzordeak orduan erabakiko du neurri horiek mantentzen jarraitu edo arintzen hasi daitekeen.
Sagarduiren esanetan, “ondo goaz baina ez gaude ondo” oraindik. Izan ere, Biziberri2 planean zehaztutako 5. fasean gaude oraindik, kutsatze maila jaisten ari bada ere, oraindik altua delako. Ospitaleen presioa ere aipatu du, eta ZIUak kontingentzia planaren 3. mailan daudela gogorarazi du.
LABI batzordean hitz egindakoaren arabera, hartutako neurriak “egokiak eta proportzionalak” dira eta ari dira emaitzak ematen. Zentzu horretan, gizartearen erantzun ona “erabakiorra” izan da, eta neurri horiek betetzen jarraitzeko deia egin du. Momentuz, neurri berrien beharrik ez dutela ikusten ere azaldu du Sagarduik.
Kontzientziazio kanpaina
Eusko Jaurlaritzak eta Foru Aldundiek kontzientziazio kanpaina jarri dute martxan, “erlaxatze egoerak ekidin eta gaitz honek ospitalera eta heriotzera eraman gaitzakeela gogoratzeko”. Euskal erakundeek bat egin dute “erantzikidetasun pertsonal eta kolektiboa” eskatzerako garaian. Eskuak, maskara, distantzia izango da kanpaina horren lema, Sagarduiren esanetan denok baitakigu gaitza nola saihestu daitekeen.