«Justizia margotzen dut. Justizia guztiontzat eta guztiarentzat»
Asmube elkarteak antolatuta, 'El silencio/isiltasuna' erakusketa zabalduko du Fatiha Hajii artistak gaur, 18:00etan, Igartzako burdinolan.
El silencio erakusketarako propio egindako 20 lan aurkeztuko dituzu gaur.
Gaur egun bizi dugun egoera islatu nahi izan dut. Ez gara ongi bizi, egia esan. Politikaren eta jendearen jokabidearen erruz mundua zoratuta dago. Aurrera edo atzera goazenik ez nuke esaten jakingo.
Sufrimendua ez da margotzeko gai atsegina. Zergatik aukeratzen duzu?
Ni ere emakumea naiz eta nik ere pairatzen dut sufrimendua. Niri bizitzan oso une txarrak pasa ditut.
Beti margotzen duzu sufrimenduaren inguruan?
Justizia margotzen dut, justizia guztiontzat eta guztiarentzat. Esaterako, natura margotzea ere gustatzen zait, bizia ematen digulako eta bere alde borroka egiteak merezi duelako. Lore bat edo animalia bat gaizki tratatzen dugunean, biziari kalte egiten ari gara. Emakume bat gaizki tratatzen denean biziari kalte egiten zaio.
Nola erabakitzen duzu zer margotu?
Nire buruari galdetzen diot ea jende gaiztoak izango ote duen arrazoia, eta ezetz esateko modua da artea.
Bizitza sufrimenduz beteta dago?
Euskal Herrian hiru bider zentsuratu naute nire jatorriagatik, eta horrek bizi osorako markatzen zaitu. Artea da bizitzan dudan gauza bakarra. Ez naiz aberatsa, pobrea naiz, baina artearen bidez behar dudan guztia dut.
Arteaz bizi daiteke?
Lan osagarri bat behar duzu. Lana dudanean pozik nago margotzeko aukera izango dudalako. Ez dut urrutira joateko dirurik egingo, baina arteak eramango nau urrutira. Jende izugarria ezagutu dut arteari esker. Gainera, soldata bat izateak egonkortasuna ematen dizu eta eskertzen da.
Zuk egindako lanak desberdin ikusten dituzu?
Nire koadroak nire seme-alabak bezalakoak dira. Bakoitzari izen bat jartzen diet eta izenez deitzen diet. Ez dira koadro soilak. Maizterrak etxea salduko du eta mudantza egitera behartuta nago. Ahalik eta lanik gehienak nirekin eramango ditut, baina bateren bat bota behar izateak bihotza apurtzen dit. Baina sortzen jarraituko dut, nire sena hori baita.