"Harrokeriarik gabe, baina harrotasunez" ekin dio Segurako Udalak Euskaraldiari
Udalerri euskaldun bezala, haien lana "kontzientziak pizten jarraitzea" eta "eredu izatea" dela esan du udalak adierazpen baten bitartez.
Segurako Udalak Euskaraldiari ekin dio. Arigunea izango da. Udalerri euskalduna izanik, berezkoa du euskara, baina herrian errealitate desberdinak daudenez, aurten ere gogotsu ekin dio ariketari entitateak; 2018an Euskaraldiak “bere fruituak” eman zituela eta Seguran ere “alda daitezkeen ohiturak” daudela adierazi dute.
Udalerri euskaldun gisa, haien lana “kontzientziak pizten jarraitzea” eta eredu izatea” dela esan dute adierazpen baten bidez: “Harrokeriarik gabe, baina harrotasunez ekingo diogu bigarren oldarraldi honi ere. Gure hautua euskaraz bizitzen jarraitzea eta ingurukoak ere gure altxor bizi honetaz gozatzera gonbidatzea izango da”.
Gehitu dute udala osatzen duten udal ordezkariek eta langileek “herritarrentzat eredu” izan beharko dutela Euskaraldian, eta zerbitzua euskaraz eskaintzeaz gain, herritarren aurrean ere euskaraz egiteko hautu hori azpimarratuko dutela: “Berezko zaigun hori gehiago ikustaraztea, alegia”.