«Ia ateratzen ez zen jendea irteten eta kuadrila sortzen hasi zen»
Larunbatean Elegante Eguna egitekoa zen Ormaiztegin, baina bertan behera geratu da osasun egoera dela eta. Iraetak auto klasikoak atera ohi ditu kalera egun horretan.
Aurten ez duzue Elegante Egunik ospatuko. Noiztik hartzen duzu parte ekimenean?
Nik hasi zenetik hartzen dut parte. Elegante Eguna beti egin izan da herrian, baina zehazki XIX. mendeko jantziak janztearen kontua Zumalakarregi Museoa hasi zen antolatzen. Tailer batzuk antolatu zituzten jantziak egiteko, eta hortik konturatu ziren bazegoela bainuetxearekin loturiko istorio bat: Ormaiztegiko bainuetxera etortzen ziren Madriletik eta Bartzelonatik, eta kotxe handiak ere orduan ikusi ziren lehen aldiz herrian.
Bi modista etorri ziren jantziak egiteko. Gizonezkoen trajea beti nahiko antzerakoa da, baina emakumeen janzkera garai hartan bestelakoa zen, soineko handiekin ibiltzen ziren.
Zuk auto klasikoak ateratzen dituzu kalera Elegante Egunean. Nondik datorkizu afizioa?
Bai, orain ditudan bi autoak 1933. urtekoak dira. Txikitatik izan dut afizioa. 1982 inguruan montaje eta plastikoekin lan egiten zuen enpresa batean nenbilen lanean eta orduan egin nuen kart bat motozerra batekin. Festetan ateratzen nuen kalera larunbat arratsaldetan. Herriko haurretatik hasi eta ni ere ibiltzen nintzen. Hori gero handitu eta berritu egin nuen eta Vespa motorra jarri nion.
XIX. mendeko jantziekin hasi ginen garaian soinekoak egin ziren, baina herria ere apaindu behar zen eta niri eskatu zidaten ea kotxerik aterako nuen. Aurreneko kotxe horrekin hasi nintzen eta harrezkero gehiago ekarri izan ditugu herrira lagunei esanda. Erakusketa moduan eta jantzita jartzen gara denok.
2013an hasi zineten herriari XIX. mendeko itxura ematen Ander Deunaren jaien atarian.
Bai, aurrekoa kuadrilartekoa izaten zen, traje, gorbata edo dena delakoarekin elegante janzten ziren, baina orain dela 7 urte hasi ginen honekin. 2014ko Elegante Eguna oso polita izan zen. Nik emaztea margolaria dut, eta frontoi zaharrean bost-sei metro inguruko lienzoa margotu zuen. Gero frontoian mahaiak eta aulkiak jarri eta txokolatada egin genuen. Kotxeez aparte, gainera, 1910eko organo antzerako bat eta kontrabaxua ateratzen nituen orduan. Baita garai bateko egurrezko jostailuak ere.
Aldaketa handiak izan al ditu festak urteotan?
Urtetik urtera aldatzen joan da zertxobait, baina urtez urte nabari dena da geroz eta jende gehiago animatzen dela parte hartzera. Hasi zenean ere ikaragarri polita izan zen. Izan ere, etxean geldituta zegoen jende asko, ia ateratzen ez zen jendea, bere jantziekin irteten hasi zen eta kuadrilatxoa sortzen hasi zen. Hori izan zen giza-aldetik gertatu zen gauzarik polit eta ikusgarriena.
Belaunaldi desberdinak elkartzen dira gainera. Orain gazteak, ume eta gurasoak janzten dira XIX. mendeko jantziekin. Jantziak ere aldatzen joan dira, baina detaileak aldatu dira. Agian gona bera daramate, baina goikoa aldatzen dute. Kapela ere aldatu egiten da. Ukitu desberdinak ematen dizkiogu.
Nolakoa izaten da eguna? Goiz goizetik hasten al zarete?
Lehenengo, goizean, azken orduan jarri beharreko lienzoak eta apaingarriak prestatzen ditugu. Hori bukatu aurrena eta, gero, 12:30 aldera, elkartzen hasten gara. Argazki batzuk atera eta pintxoak jaten ditugu. Pintxoen lehiaketa izaten baita egun berean. Tabernaz taberna ibiltzen gara herrian eta balneariora joaten gara. Bertan argazki bat ateratzen dugu denok, eta hortik bazkaltzera.
Kotxezaleok kanpoan bazkaldu ohi dugu, baina herri bazkaria ere izaten da. Arratsaldean itzuli eta txokolatada izaten dugu. Eliza atarian mural bat jartzen dute garai bateko balnearioaren irudiarekin eta argazkiak ateratzen dituzte familiek eta kuadrilek bertan.