Lazkao 6.000 biztanleren bueltan da
Biztanlerian igoera nabarmena izan du udalerriak aurten, eta gehiengo historikoa altxatu du. Aste honetan, 5.990 lagun daude erroldatuta. Etxebizitza aukera, arrazoia
Historian aurreneko aldiz, Lazkaoko biztanle kopurua 6.000 lagunera iristear da. Astelehenean 5.990 herritar zeuden erroldatuta udalean, eta aurtengo goranzko joera ikusita, aurki gaindituko du sei milaren muga. Urtearen lehenengo egunean 5.830 lagun zeudela kontuan hartuta, 2020an zehar igoera aipagarria izan da: aste honetara arte, 160 bizilagun irabazi ditu.
Kopuru absolutu horietan lehen aldiz jartzeaz gain, ezohikoa da urtebetean horrenbeste biztanle erroldatzea ere. Hamarkada honen lehen erdian hazkundea urteko 30 edo 40 pertsonakoa izan bazen beheralditxo bat ere bai tartean, 2017tik aurrera 80-90 bitartean hazi da errolda. Gorakada nabarmena aurtengoa izan da, %2,74koa.
Hala eta guztiz, Espainiako INE estatistika institutuak baliozkotu behar ditu errolda datuak, harenak hartzen baitira ofizialtzat. Oraingoz, 2019ko urtarrilaren 1ekoa da Lazkaoko azken errolda ofiziala: 5.742. Abenduaren bukaeran aterako du 2020ko lehen eguneko datua.
Etxebizitza berriak irekita
Biztanleria igotzearen arrazoi nagusia etxebizitza eskaintza handian aurkitu behar da. Azkeneko hamarkadan 262 etxebizitza eraiki dira Lazkaon, Eustaten datuen arabera. 2010ean 2.400koa bazen etxebizitza parkea eta 2015ean 2.387koa, 2019ko urtarrilaren lehenean 2.586 zenbatu zituen euskal estatistika institutuak. 2019an zehar, berriz, 76 etxebizitza berri eraiki ziren; aurtengoak batu behar zaizkie, oraindik datu zehatzik ez badago ere.
Kalearen bi eremuetan hazi da hirigintza, gainera. Iparraldean gehiago, Beasain aldera eraikitako Iturgaitzako etxetegi handiagatik. Iturrialdea kale berria sortu da han. Ataun aldeko ertzean, berriz, Esparru kale berrian eraiki dituzte etxe-multzoak.
Biztanleriaren gorakada etxe berriek eragin badute, kanpotik etorritakoak izan dira horiek erositakoak, nagusiki. Eta kanpotarren artean, Beasaingoak dira gehienak. «Erdiak» inguru beasaindarrak direla azaldu du Lazkaoko etxe salmentaren merkatua ezagutzen dutenek. «Beasaindik jende asko etorri da. Lazkaon dagoen bizilagun bolumenarekin, hainbestek ezin dute erosi pisua. Eta etxea alokatzeko asmoan erosi dutenetan ere, kanpoko jendea erakarri du», dio izenik eman nahi ez duen higiezinen agente batek.
Iturgaitzagako eremua Beasaindik gertu egoteak ere erraztu du beasaindarren etorrera. Etxetegi berrietatik Beasaingo kalera 900 metro daude; Igartza paretik Beasaingo plazara dagoen distantzia berbera.
Alokairuaren merkatua ez da etxe berrien erosketarena bezainbeste mugitu. Oraindik ere erosteko galdezka jendea badabilela diote higiezinek. Erosleak, bestetik, gazteak dira asko eta asko. Etorkizun hurbilerako hazkunde eta erronka gehiago ekarriko duela suposatzen da.
Hazkunde handienak
2010etik %12 hazi da Lazkaoko biztanleria. 2000tik, %22,8. XX. mendearen hasierako igoeren parekoa da hori. Hala eta guztiz ere, hazkunde basatiagoak ezagututa dago udalerria: 1950etik 1960rako hamarkadan, %62,9 hazi zen Lazkao. 1.800 bizilagun izatetik, ia 3.000 izatera igaro zen. Hurrengo hamarkadan jarraitu zuen, gainera, 1960-70 bitartean %42 gehiago handituta.
Milako mugarriei dagokienez, 1.000 biztanlerena XX.eko lehen hamarkadan gainditu zuen Lazkaon; 2.000rena 1950ekoan; 3.000 eta 4.000renak 1960koan; eta 5.000tik gora 1975. urtean gainditu zuen.
Harrezkero, eta III. milurtekoaren lehen urteetara arte, beti bost mila biztanleren bueltan mantendu zen. Batzuetan goraxeagotik, beste batzuetan beheratuta. Hurrengo kolpea XXI. mendeko lehen hamarkadan jo zuen, ia %10 hazita (2000tik 2010era 472 lagun gehiago). Etxebitza promozio ugari sustatu ziren orduan ere.
Hirigintza garapen oso biziko urteak izan ditu Lazkaok, joan deneko bost urteetan. Orai, «bizpahiru urtetan lasaitasuna» etorriko dela aurreratu dute etxegintza merkatuko adituek. Hiri Antolamenduko Planaren egungo txostenak, 6.500 biztanleko udalerria aurreikusten du, etxe berrien sustapenei emandako aprobetxamendu guztia garatzen denean. Ez da asko falta.