Neurriak, bere horretan
Eusko Jaurlaritzak orain arteko neurriei abenduaren 10era arte eustea erabaki du. Luzapena gaur sartu da indarrean
Eusko Jaurlaritzak SARS-CoV-2k eragindako infekzioen hedapenari eusteko urriaren 26an hartutako neurriak eta azaroaren 6an aldatutakoak mantendu egingo ditu. Abenduaren 10era arte luzatu dituzte, “kontuan hartuta data hori baino lehen edozein berregokitze egitea egokia edo beharrezkoa ere izan daitekeela”.
Kalean egon naiteke? 22:00etatik 06:00etara bitartean ezin da kalean egon.
Zenbat pertsonekin egon naiteke? Sei lagunekin, gehienez. Urkullu lehendakariak eskatu du beti sei lagun berberak izatea, identifikazio lanak errazteko.
Maskara eraman behar dut? Derrigorrez. Maskara une oro erabili behar da, inguruko pertsonekiko distantzia edozein dela ere.
Merkatal guneek zein ordutegi dute? Merkataritza-establezimendu guztiek –farmaziek eta erregaien txikizkako banaketa-zerbitzuguneek izan ezik– gehienez ere 21:00etan itxi beharko dute.
Eta taberna eta jatetxeek? Erabat itxita jarraituko dute. Etxez etxeko otorduak prestatu eta zerbitzatu ahal izango dituzte, edo bertan jasotzeko aldez aurretik hitzordua eskatuta, 21:00ak arte. Itxieratik salbuetsita geratzen dira gasolindegietako eta zerbitzuguneetako jatetxe-zerbitzuak errepidez zirkulatzen ari diren pertsonentzat, osasun-zentro eta -zerbitzuetakoak, zerbitzu sozio-sanitarioetakoak, eskola-, lan- eta unibertsitate-egoitzetako jantokiak eta izaera sozialeko jantoki-zerbitzuak.
Eta okindegi eta gozotegiak zein egoeratan daude? Kafetegi-zerbitzua modu osagarrian eskaintzen duten okindegi-gozotegi moduko establezimenduek ezin izango dute zerbitzu hori eskaini, eramateko izan ezik.
Mezetara joan naiteke? Bai, baina metro eta erdiko distantzia mantendu behar da beti. Kultu-lekuen edukiera %35era dago mugatua.
Eta kultur jarduerak? Joan naiteke ikustera? Bai, baina ezin da gozokirik freskagarririk edo antzekorik saltdu eta kontsumitu. 21:00etarako amaituta egon behar dute.
Eta profesionala izan gabe, entseatu eta aktuatu dezaket? Ez. Bertan behera geratzen dira musika- eta ahots-izaerako edo dantza-izaerako entsegu eta emanaldi kolektibo ez-profesionalak.
Kirola egin dezaket? Bakarka. Taldeko edozein kirol-jarduera eten egiten da, bai entrenamenduan, bai lehiaketan. Lehiaketa profesionalean edo erdi-profesionalean dauden taldeen jarduera salbuetsita dago.
Kiroldegiak irekita daude? Bai. Gimnasio, kirol-talde, igerileku eta kiroldegietan programatutako ikastaroak edo jarduerak egin ahal izango dira, eskola-kirola izan ezik, baldin eta maskara erabiliz egiten badira, sei laguneko taldeetan gehienez, eta edukiera ehuneko 40ra mugatuta badago.
Kirola ere maskararekin egin behar da? Hiri-inguruneetan, bai.
Garraio publikoa har dezaket? Edozein motatako garraio publikoa irteteko gehieneko ordutegia 22:30 da. Debeku horretatik salbuetsita dago taxiz edo gidaridun garraio-ibilgailuz eginiko garraioa.