Lazkaoko Areria kulturgunea irekitzeko deia
Lazkaoko Areria kulturgunea irekitzeko elkarretaratzea eta sinadura bilketa egin dute gaur goizean. Dagoeneko 180 lazkaotarrek pasatxo eman dute izena.
Lazkaoko Gazte Asanbladak deituta, Areria kulturgunea irekitzeko elkarretaratzea eta sinadura bilketa egin dute gaur goizean. “Haserrez eta kezkaz” bizi dute Lazkaoko hainbat herritarrek Areria aretoaren itxialdia: “Ez dugu ulertzen, dena itxita dagoenean, eta egin daitekeen gauza bakarretarikoa denean, kulturari (zinema emankizunak, antzerkiak, bakarrizketak…) ateak ixtea”. Gainera, pandemia hasi zenetik kultur ekitaldietan kutsatzeek gora egin ez dutela argudiatu dute, erabakia gaitzesten dutela berretsiz. Lazkaotarrek alboko herrietara joan beharra dutela aitortu dute: “Ez dugu ulertzen, inguruko herrietan (Beasain, Ordizia eta Ataun) kutsatze maila antzekoak –edo okerragoak- daudelako, eta herri horietan ez dutelako aretoa ixtea erabaki. Are, indartu ere egin dituzte programazioak”. Bestalde, euskaraz ekoitzitako edukiak ikusi ahal izateko aukerarik ez dutela salatzeaz gain, kulturgileak babesteko biderik ez dutela nabarmendu dute. Hori horrela, online bidezko sinadura bilketa jarri dute martxan. Dagoeneko, 180 herritarrek eman dute izena Areria kulturgunea berriz ere irekitzearen alde.