Gehiago aritzearen aritmetika
Euskaraldia hasi da Goierrin, herri hazienetan ekitaldiak ospatuta. Ariguneak dira berritasuna eta euskararen erabilerako indarguneak. 631 sortu dituzte
Gehiago. Gehiagorekin. Gehiagotan. Bizitzako arlo askotara zabal daitekeen kontsigna da, baina ostiralaz geroztik, eta abenduaren 4ra bitarte, euskaraz aritzearen garrantzia lau haizetara bidaltzeko aukeratutako leloa da. Euskaraldiak, bigarren aldiz, hiztunen kontzientziak astindu nahi ditu, jakin agian bai, baina erabili gero eta gutxiagotan erabiltzen den euskarak behar duen hauspoa izango badu.
Orain bi urte bezala, Euskaraldi honek ere Ahobizi eta Belarriprest paperak banatu ditu. Milaka goierritarrek eman dute izena oraindik ez dituzte datuak bidali, gaur amaituko baita izena emateko epea, eta paparrean ipinitako txapen bitartez adieraziko dute zertan diren iaioago: hitz egiten ala aditzen. Baina, beti ere, euskaraz.
Norbanako mailatik goratuta, ordea, Ariguneak dira Euskaraldiak ekarri duen figura berriak. Ariketa pertsonala, kolektibotasunaren abarora aldatzeko ariketa proposatzen du: euskaraz ez egiteko ohitura lantokian, dendetan, lagunartean, tabernan, bileretan, nonahi aldatzeko gonbita. «Ariguneek, edo euskaraz aritzeko guneek, euskaraz hitz egiteko aukera bermatzen dute uneoro, izan entitate barruan edo izan entitateak herritarrekin duen harremanean», azaldu du Euskaraldiak.
Berotzeko astea
Goierrin, guztira 631 Arigune eratu dituzte. Eremu pribatukoak dira asko eta asko; eskualdeko udal ia denek parte hartu dute, eta ikastetxe gehienek.
Aurreko ostiralean, Ordizian eta Beasainen egin zituzten bi ekitaldi. Beasainen, Mari pertsonaiak gidatuta, udaletxe eta geltoki aurreetako ikurrinak jaitsi, eta Euskaraldiko banderak egongo dira bi asteotan.
Irudimenak eman ahala ekitaldi izango dira orain. Legazpin, Iñigo Aranburuk marraztutako Legatz bi komiki sorta hasi dute. Bizi eta Prest arrainek zabalduko dituzte euskaraz aritzearen aldeko mezuak. Itsasoa urdintzeko.
EUSKARALDIAN NON-ZER
· Ataun. Sormen lehiaketa. Argazkia atera eta sare sozialetaraigo (#euskaraldiaataun traola). Abenduaren 4ra arte. Zozketa 5ean, herriko produktuen sorta.
· Gabiria. Beatriz Egizabalen ‘Txor-txor’ bakarrizketa. Etzi,19:00etan, saloian.
· Idiazabal. Euskaraldiari buruzko irratsaio berezia Zirika Irratian. Larunbatean, 13:00etan. Goierriko bertsolarien bertso saioa. German Urteaga, Maddi Aiestaran, Iker Zubeldia, Oihana Iguaran, Iban Urdangarin eta Eneko Araiztegi. Igandean,18:00etan, elizan. Aforoa bete denez, sarrerarik ez dago.
· Itsaso. ‘Euskara eta feminismoa bidelagun’ mahai-ingurua, Lorea Agirre eta Idurre Eskisabel. A-25ekin ere bat eginda. Larunbatean, 19:00etan, elizan.
· Lazkao. Euskarari buruzko pentsakizunak uzteko buzoia, udaletxean eta Gerriko liburu-dendan. ‘Euskaraldiak zer esa-ten dizu?’ galderari erantzunez. Abenduaren 4ra arte.
· Legazpi. Bertso saioa. Amaia Iturriotz, Oihana Iguaran, Xabier Silveira eta Xabat Illarregi. Larunbatean, 19:00etan, Latxartegi aretoan.
· Ordizia. Antton Telleriaren bakarrizketa. Ostiralean, 18:00etan, Barrenan. Izena: 688 716 450.
· Urretxu.‘Txor-txor’ bakarrizketa. Etzi, 19:00etan, Labeagan.