Bakoitzak bere arlotik tira
Hainbat arlotako eragilek bat egingo dute, azaroaren 25aren bueltan. Goierri garaiko udalek «konpromiso politiko argia» eskatu dute, adierazpen bateratuan. Aizan Idiazabalgo talde feministak herriko puntu beltzak identifikatzeko prozesua abiarazi du. Itaia antolakundeak manifestazioa deitu du biharko. IAk ere mobilizazioak egingo ditu ikastetxeetan.
Beste urtebetez Azaroaren 25ean hainbat ekintza egingo dituzte Goierriko eragile feministek emakumeek jasaten duten indarkeriaren aurkako egunaren harira. Elkarretaratzeak eta manifestazioak deitu dituzte hainbat herritan, eta Azaroaren 25az gain, aste osoko egitaraua prestatu dute zenbaitetan.
Urola Garaiko udal-elkarteak eta hori osatzen duten udalek erakunde adierazpena zabaldu dute indarkeria matxistaren aurkako eguna dela eta. Bertan pandemia egoerak izan duen eragina azpimarratu dute Zumarragako, Urretxuko, Legazpiko eta Ezkio-Itsasoko Udalek: «Indarkeria botere-harreman desorekatuen eta emakumeen aurkako diskriminazioaren adierazpena da, eta pairatzen ari garen krisi sanitario, sozial eta ekonomikoaren ondorioz larriagotu egiten da», adierazi dute.
«Konpromiso politiko argia» eskatu dute idatzian, eta horretarako zortzi jarraibide ezarri dituzte udalerri horientzat: indarkeria matxistaren biktima diren emakumeen eskubideak arreta prozesuaren erdigunean jartzea, behaketa hobetzea, arreta eta laguntza zerbitzuak egokitzea, indarkeriaren prebentzioari eta emakumeen ahalduntzeari laguntzeko programak bultzatzea, berdintasun programak egonkortzea, pandemiaren eragina aztertzea, genero ikuspegia sartzea hartutako neurrietan eta, azkenik, erakundeen, udalen, foru aldundien eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza eta koordinazioa sustatzea.
Ataungo Berdintasun Batzordearen adierazpenarekin herriko 13 eragilek egin dute bat. Esan dute krisiak «zaurgarrienak are eta zaurgarriago bilakatu» dituela: «Gizon-emakumeen arteko desorekak agerian geratu dira berriro ere; labur esanda, zaintza-lanei lotutaskoa egiturazko indarkeria da emakumeontzat». Ekonomikoki ere emakumeei «gogor» eragingo diela adierazi dute: «Okerrera egingo du prekarietateak eta, ondorioz, ezin izango ditugu gure bizitza proiektuak aurrera eraman».
Itaiak manifestazioa
Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistak, manifestazioa deitu du Ordizian bihar, 19:00etan, Plaza Nagusian, Indarkeria matxistaren aurka, gaitasun sozialistak antolatu lemapean. Biharko egunaren harira zabaldutako adierazpenean esan dute bizi baldintza berak izateko «ezin- besteko premisa» dela indarkeria matxistarekin amaitzea: «Indarkeria matxistak emakume langilea erasotzen du egunerokotasunean, botere burgesaren baitan oraindik eta azpiratuago bihurtuz».
Puntu beltzak
Egun bereko ekintzez gain, hilabete honetan eta aste honetan luzatuko dituzten ekimenak ere abiatu dituzte. Ordiziako, Legorretako, Zaldibiako, Segurako, Lazkaoko eta Beasaingo udalek sormen lehiaketa abiarazi zuten duela bi aste. COVID-19ak eragindako pandemia eta emakumeen aurkako indarkeria ditu ardatz lehiaketak. Parte hartzeko azken eguna abenduaren 4a izango da.
Bestalde, Idiazabalgo Aizan talde feministak herriko puntu beltzak identifikatzeko prozesua jarri du martxan. Inkesta bidez jasoko dituzte datuak. Sare sozialetan aurki daiteke inkesta.
Ikasle Abertzaleak erakundearen mobilizazioak
Goierriko Ikasle Abertzaleak gazte erakundeak mobilizazioak deitu ditu Azaroaren 25aren harira, ‘Bizitza biolentoen aurrean, ikasleen antolakuntza!’ lemapean. Iragarri dute ikastetxeetako zuzendaritzei eskolak eteteko eskatuko dietela, ekintzak burutu ahal izateko. Goierriko IAk esan du ikasleen helburua «ikastetxeetan generoari lotuta eman daitezkeen bazterketa egoerekin edota figura ezberdinek izan ditzaketen jarrera matxistekin amaitzea» izan behar lukeela. Txindoki Institutuan elkarretaratzea 10:45ean egingo dute, eta 10:00etan eta 11:00etan hitzaldiak izango dira Beasaingo udaleko areto nagusian. Lazkaoko San Benito ikastolan hitzaldia egongo da 09:45ean. Goierri Eskolan elkarretaratzea 09:50ean izango da, eta Haztegi ikastolan 11:00etan. Bihar Itaiak Ordizian egingo duen manifestazioarekin ere bat egin du IAk.
Ekintzen egitaraua
ATAUN
Bihar. Egunari loturiko ekintzak Joxemiel Barandiaran Herri Eskolan. Bihar. Elkarretaratzea San Martingo plazan, 19:00etan.
Ostirala. Bertso saioa Herri Antzokian, 19:00etan.
Ostirala eta larunbata. Rol jokoen bidezko lanketa gaztelekuan, 15:30etik 20:00etara.BEASAIN
Bihar. Erauskin plazan 12:00etan, biktimei omenaldia. Asmubekoek su-ontzia piztuko dute.
Bihar. Erauskin plazan 18:30ean, elkarretaratzea Beasaingo Asanblada Feministak deituta.
Ikus-entzunezkoa. Oriako Lamiak talde feministak bideo batzabalduko du sare sozialetan.
Osteguna. Las Chirlas Clown taldearen antzezlana 18:00etan, Igartzan.
Azaroak 28 eta 29an.‘Zauriak’ dokumentala udalaren webgunean.
Azaroak 30.‘Pandemiaeta zaintza’ mahai ingurua. Udalaren webgunean.LEGAZPI
Bihar. Elkarretaratzea azokan 19:00etan, Matraka talde feministak antolatuta.
Ostirala. Haztegiko ikasleek egindako lana aurkeztuko dute Legazpiko azokan.
Ostirala. Latxartegi aretoan ‘Chhaupadi’ dokumentalaren emanaldia, 19:00etan, Matraka talde feministak eta Nepaldala elkarteak antolatuta.LEGORRETA
Bihar. Ekitaldia herriko plazan, 18:30ean.
ORDIZIA
Bihar. 18:00etan, elkarretaratzea Zuhaiztian. Ordiziako koordinadora feministak deituta.
Bihar. Goierriko Itaiak deituta, manifestazioa, 19:00etan, Ordiziako Plaza Nagusian.ZALDIBIA
Bihar. Elkarretaratzea udaletxe aurrean, 17:30ean.
Larunbata. ‘Aldaketaren aurrean, orain zer?’ tailerra antzokian, 10:00etatik 13:00etara.ZEGAMA
Osteguna. Egungo indarkeriak ‘berriak’ online tailerra, 19:00etan, zegama.eus webgunearen bidez.
ZUMARRAGA-URRETXU
Bihar. Manifestazioa 19:00etan Zumarragan eta Urretxun, Emakumeen plazatik, Urola Garaiko koordinadora feministak antolatuta.