Urretxun Bizi Garan parte hartu duten etorkinek diplomak jaso dituzte
Egitasmo honen helburua etorkinen integrazioa bultzatzea da. Horretarako euskal kulturaren eta zerbitzuen berri ematen diete. Aurten hamabi lagunek parte hartu dute
Urretxuko Udalak diplomak banatu dizkie Urretxun Bizi Gara egitasmoaren zazpigarren edizioan parte hartu duten etorkinei. Proiektu honen helburua etorkinen integrazioa bultzatzea da. Horretarako, herria eta inguruak erakusten dizkiete eta beraien eskura dituzten zerbitzuen berri ematen diete. Aurten hamabi bizilagunek parte hartu dute. Azken urte hauetan bezala, koordinatzaile lanak Monica Leivak egin ditu.
Diploma banaketa udaletxean izan zen. Ekitaldian bederatzi etorkinek parte hartu zuten: Fuad Ahmed (Bangladesh), Marlon Asdrubal Ortiz (Honduras), Maura Georgina Rodriguez (Honduras), Cayetano Esono Mba (Ekuatore Ginea), Angela Maria Saldarriaga (Kolonbia), Lina Maria Varga (Kolonbia), Ronald Vallecilla (Kolonbia), Lo Khadime (Senegal) eta Clara Myriam Cardenas (Nikaragua). Jon Luqui alkateak eta Leivak ere ekitaldian parte hartu zuten.
Ikastaroan parte hartu duten hiru lagunek, berriz, ez zuten diploma banaketara joaterik izan. Jose Zamora Cruz (Bolivia), Sebastiana Quiste de Zamora (Bolivia) eta Inaxi Ikutza (Euskal Herria) dira hiru parte hartzaile horien izenak.
Urretxun Bizi Gara egitasmoa bera alkatetzara heldu zenerako abian zela gogoratu zuen Luquik. «Oso proiektu garrantzitsua da. Jaso genuen herentzia onetako bat da. Antolatzen jarraituko dugu. Izan ere, beharrezkoa izateaz gain, arrakasta handia du. Arrakasta horren arduradunetako bat Monica da, oso inplikatuta baitago. Gure helburua Urretxura etortzen diren guztiak hemen jaio ginenok bezain eroso sentitzea da».
Horretarako, etorkinei beraien eskubideak aldarrikatzeko eta beraien betebeharrak betetzeko eskatu zien. «Hemen bizi zaretenez, hemengoak zarete. Pertsona onak izan nahi dugu eta zuekin zintzo jokatu nahi dugu, baina batzuetan kosta egiten zaigu. Hori dela eta, zorrotzak izan behar zarete gurekin. Aldi berean, zuen esku dagoen guztia egin behar duzue. Kontuan izan behar duzue, adibidez, hemen bi hizkuntza hitz egiten direla».
Leivari hitza eman aurretik, egitasmoaren koordinatzailea ere etorkina dela gogoratu zuen: kataluniarra da eta duela 10 urte inguru etorri zen Urretxura. «Dagoeneko euskalduna, urretxuarra eta zumarragarra sentitzen naiz, baina ez da prozesu erraza izan. Sare soziala ez duzun toki batean erroak botatzea ez da batere erraza. Hasteko, zure antzeko egoeran daudenak bilatzen dituzu. Ondoren, sarea zabaltzen duzu. Ez diogu sekula jaio ginen tokikoak izateari utziko, baina horri hartu gaituen tokia gehituko diogu. Traineru honetan inor ez dago soberan. Denok gara urretxuarrak. Denok gara beharrezkoak». Leivaren hitzen ondoren, ikastaroan parte hartu duten etorkinek diplomak jaso zituzten. Guztiek hitz batzuk esateko aukera eduki zuten. Parte hartzaile guztiek eskerrak eman zizkieten udalari eta Leivari, Urretxun erroak botatzen laguntzeagatik.