Sozialistek 16 ekarpen egin dizkiote aurrekontuen proposamenari
"Egiteko asko gelditzen da oraindik", diote. Gizarte laguntzak indartu behar direla defendatzen dute, baina bestelako beharrak alboratu gabe
Beasaingo PSE-EEk hamasei ekarpen egin dizkiote 2021. urterako udalak proposatutako aurrekontuari. “Herritarren alde lan egiten jarraitu behar dela uste dugu, eguneroko bizitzan eta ongizatean normaltasuna berreskuratzeko. Hori dela eta, 2021eko aurrekontuei begira, uste dugu garrantzitsua dela gizarte-laguntzen eta merkatarientzako laguntzen aldeko apustua egiten jarraitzea, kaltetu handiak direlako. COVID-19ak eragin handia izan du haien egoera ekonomikoan”, zehaztu dute gaztelania hutsean egindako ohar batean.
250.000 euroko partida proposatu dute pandemiak kaltetu dituen “beren kontura edo era autonomoan lan egiten duten pertsonentzat eta mikorenpresentzat”. Eskarien arabera diru kopurua handitzeko aukera ez dute baztertu. Halaber, ostalarientzako 1.000 eta 1.300 euroko laguntza zuzenak proposatu dituzte. Gainera, beste 45.000 euroko partida bat aurreikusi dute merkataritza guneetako klimatizazio eta aireztatze sistemak hobetzeko, “COVID-19aren zabalkundea ekiditeko”.
60.000 euroko partida, argia, ura, gasa edota etxebizitza ordaintzeko arazoak dituzten familientzat. Betiere, larrialdi egoerako laguntzetara jotzeko aukerarik ez dutenentzako.
Sozialistek gogorarazi dute bestelako beharrak ere badaudela, pandemiaren eraginetatik harago. “Egiteko asko gelditzen da oraindik”. Mateo Muxika eta Arantzazu kaleetako irisgarritasuna jo dituzte lehentasun, baita ere mugikortasun jasangarria eta interes orokorreko zenbat puntu. “Garrantzitsua da 2020rako onartutako aurrekontuan jasotako eta gauzatu gabe geratu diren proiektuekin jarraitzea”.
Igartza Oletako aparkalekuan auto elektrikoentzako kargagailuak jartzea eta kiroldegian, geltokian eta Ezkiaga frontoian bizikleta elektrikoak kargatzeko puntuak ipintzea eskatu dute. Era berean, Iturralde plazan, Zaldizurretan, Bideluzen eta Ezkiagan bizikletak aparkatzeko guneak behar direla defendatu dute, eta kiroldegian, geltokian eta Ezkiaga frontoian bizikletak konpontzeko totemak falta direla.
Garingo parkea berritzeko 8.000 euro bideratzea proposatu dute. Marirats kaleko parkea berritzeko beste 4.000 euro, “egun zorua zementuzkoa da eta kautxua jartzea eskatzen dugu”, diote. Isabel Olano parkean, berriz, komun publiko bat ezarri nahi dute. Horretarako 30.000 euroko aurrekontua kalkulatu dute.
Bi Igune gehiago jartzea ere proposatu dute, Ezkiaga eta Igartza inguruetan, egungo Iguneatik urrutien gelditzen diren auzoetan. Karobi kaleko zorua hobetzeko ere eskatu dute, baita ere adinekoen egoitzan wifia jartzeko eta Zaldizurretako biribilguneko mugikortasuna hobetzeko ikerketa bat abiatzea.