Abbadia sariak ukitu beasaindarra du
Xabier Anuntzibaik egin du Abbadia saria. Emozio asko aipatu ditu: ezustea, poza, presioa..., baina norberaren lana aitortzea berezia dela dio. Koadro bat prestatu du. Bihar emango diote Pello Jauregiri.
Xabier Anuntzibairen telefonoak jo zuenean Gipuzkoako Foru Aldundiko teknikari bat zegoen bestaldean. Enkargu bat eskatu zioten: Abbadia sariko oroigarria. Bihar emango diote Pellolo Jauregi irakasleari eta ikerlariari, euskararen inguruan egindako lanagatik.
«Sorpresa handia izan zen. Ezustekoa. Ez nuen halakorik espero», aitortu du Anuntzibaik. Poza ere aipatu du. «Pozik, gehienbat, zure lana interesgarritzat jotzen dutelako». Presio apur bat sentitu zuela ere ez du ukatzen. «Hotzean presio puntu bat sartu zitzaidan, baina nire buruari esan nion ‘ahaztu, lasai hartu’. Buruari buelta gehiegi ematen banizkion lana ez nuen lasai egingo».
Koadro bat prestatu du. «Dudak banituen artelanaren eta Pelloren arteko loturaren bat bilatu ala ez. Baina iruditu zitzaidan ezetz. Pellori saria emango diote euskararen inguruan egindako lanketagatik, eta niri deitu didate nire lanketagatik, orokorrean. Nire lana interesgarria iruditzen bazaie horrekin jarraitzea pentsatu nuen». Margoak, ordea, ez du protagonismo guztia izango: «Material ezberdinekin konposizioak egiten lan asko egiten dut. Konposizioari berari eta materialei eta materialen arteko loturari garrantzi handia ematen diet», nabarmendu du. «Ni ez naiz margolari kontsideratzen. Konposizioak egitea gehiago gustatzen zait: bolumenarekin jolastu, margoekin jolastu, beraien arteko oreka aurkitu…».
Bizpahiru ideia zebilzkien buruan eta, ibili-ibilian, gustukoena hautatu du. «Interesgarriena iruditu zitzaidan», dio. «Batzuetan horrela egiten dut lan, bi hiru gauzarekin batera, probak egiten, utzi eta hartu…». Artelaneko metakrilatozko zatia urte hasieran egindakoa dela oroitu du, baina lan egiterakoan diziplina behar dela ere badio.
Urteari errepasoa
Anuntzibaik onartu du urte zaila izan dela. «Itxialdian nahikoa geldi egon naiz. Bi seme ditut, beraiekin igaro dut denbora. Pixkat arraroa zen: sentitzen nuen gauzak nituela egiteko baina semeekin egotea zela nire ardura». Aipatu du geldi egon ostean gehiago kostatzen zaiola berriz ere sortzen hastea. «Ideia asko lanean etortzen dira».
Itxialditik bueltan ongi moldatu da. «Orain dela ez asko Aranzadi Zientzia Elkarteari entrega bat egin nion, mural bat prestatzen nabil…». Proiektu batzuk bidean galdu ere egin ditu. «Urte hasieran beraiekin kontatzen nuen eta ez da posible izan. Baina beno. Ea datorren urteari begira berreskuratzerik dugun. Optimista izan behar da, alde negatiboan gehiegi erreparatzen badugu, ezer onik ez da».