Errekaldeko xuxurlan zehar
Koronabirusaren itxialdietan, berebiziko ihesbide atsegina bihurtu da lazkaotarrentzat Olaberriko Errekalde bailara, Ertziletik Amoskategira arteko bidea. Baserri jarduera bizi-bizi dago, eta erakusteko asko dauka.
Lazkaoko herrigunetik atera orduko, Sustraitz errekatxoaren txortxorrak lagun egingo dio ibiltariari. San Jose auzoaren buruan lurpean ezkutatzen da, eta 620 metro beherago Agauntzan isuri arte, ez du egun argirik ikusten. Gorago, jada Olaberriko lurretan, Urbaraundi izena hartzen du errekak. Aranbeltz, Estentsoro eta Intxausti errekastoek hornitzen dute. Eta bizi emaile da.
Martxotik ekainera arteko itxialdian bezala udalerri mugakideen arteko oraingo esparruratzean, ibilbide estimatua izan da. Jende ugarik egiten du paseotxoa Errekalde bailara sakonera. Bereziki lazkaotarrek. Lazkaoko plazatik (163m) Amoskategi parera (225m) 2,160 kilometro daude, eta 62 metroko desnibela. Erosoa, lasaia eta erraza.
Asteburuetan, Olaberriko bizilagunek ere baliatzen dute. Herritik oinez jaitsi, Beasaineraino iritsi, eta atzera behetik gora igo, Oiarbide baserrira edo herri-kaskora daude igoera pikoak.
Baserri bizietan barrena
Lazkaotik atera eta auzo-bidean barneratutakoan, Ertzile baserriaren aurretxoan sartzen da Olaberriko lurretan. Ia Lazkaoko kaleraino iristen baitira Olaberriko baserriak: Bekoetxe da urrutikoena, Andraiturri parean Olaberrikoa hori ere.
Herri eta erreka-izen aldaketaren ondoren, nekazaritza jarduera bizi-bizirik dagoen eremua ikusten da ezker-eskuin. Baserritarrak, berriz, zertan edo hartan lanean, kaletarraren joan-etorriei begirik kendu gabe. Etxaldeak, abere haztegiak eta ukuiluan nonahi. Etxezuri sagardotegiaren inguruan, sagasti emankorrak topatuko ditu, hurrena. Aurrerago, sagasti sartu berriak, oraindik landarea babesteko tutu eta guzti.
Bildotxagan, beti-betiko baratzea dago, bide ertzean. Garaian garaiko produktuak zein diren jakiteko katalogo paregabea. Aurreraxeago, Borda baserrian ganadu haztegia. Haragitarako abelburuak hazten dituzte, piriniar arraza autoktonoari eusteko ekarpena egitearekin batera.
Aldaparik ia batere gabeko bidean, errekaren xuxurlak segitzen du, etengabe. Urrutian, Txindoki tontorra begizta daiteke. Garai batean, beste iturri baten peskizan etortzen zen jendea inguruotara. Goraxeago, Telleri baserri berrituan, Ordiziako Jakintza ikastolakoek 1970eko hamarkadan dirua ateratzeko sagardotegia muntatu zuten. Otordu eta parranda alaien lekua ere izan zen erreka sakon hau.
Museo etnografikoa bistan
Ibilbidearen burura iritsitakoan, baserri munduaren bilduma apartarekin gozatzeko aukera dago. Amoskategi baserriaren etxeordean, horman zintzilikatuta dauzkate aspaldiko lanabesak, baserriko bizimoduko erremintak, etxeko gailuak eta balio etnografiko bikaina daukaten trasteak. Txukun eta ikusgarri jarrita, opari ederra amaierarako.
Baserriaren bilakaeraren historia bailitzan, horman zutika lotuta daude Pasquali traktore bat gurdi eta guzti, Ford traktore handi bat, eta 1963ko Land Rover estaligabe bat ere. Haurrentzat gozagarri, berriz, etxepeko itxituran untxiak, oilo eta oilaskoen artean, isil baina jostari.
Eserleku eta iturri faltarik ere ez da, ez bidean, ez bukaeran.