Euskal dantza tradizionaletan sakontzeko ikastaroa bihar hasiko da
Beasaingo Udalak, dantzan.eus elkartearekin elkarlanean, euskal dantza tradizionalen jakintza eta formazioa sustatzeko ikastaroa eta hitzaldi musikatua antolatu du.
Lau urrats eta kitto! haurrei zuzendutako ikastaroa bihar hasiko da. «Oinarrietara jotzeko deia da», dio Beasaingo Udalak. «Lau urratsekin euskal tradizio koreografikoaren zati eder bat dantzatu eta gozatu dezaketela erakutsiko dute». Claude Iruretagoienak eta Jon Olazkuagak gidatuko dute ikastaroa, Maritxuli konpainiako kideak biak.
Lau saio izango dira denera, martxora arte. dantzan.eus webgunean eman behar da izena eta 40 euro balio du.
Apirilaren 17an Pamperruque hitzaldi dantzatua eskainiko du Jon Olazkuagak. Pamperruque XVIII. eta XIX. mendeetan, Lapurdiko kostaldeko hiriguneetan, kalez kale, bertako jauntxoen eskutik karrikaz karrika egiten zen dantza ibiltaria zen. Olazkoagak urteak daramatza dantza honen inguruan aztertzen eta sakontzen. dantzan.eus webgunean eman behar da izena honetarako ere bai. Hamabost euro balio du.
Tradizioari, balioa
Udalak azpimarratu du Beasain euskal dantza tradizionalaren «topaleku eta erreferentzia» bihurtzea dela helburua, «eta tokiko dantza tradizionala egonkortu, finkatu eta honen ezagutza hedatzea». Udal gobernuak bere agintaldirako legegintzaldi planean jasoa du euskal dantzak sustatzea.