'Toledoko Itunari ez!' lemapean mobilizazioetan parte hartzeko deia egin dute Goierriko Pentsiodunek
Ordiziako Plaza Nagusian elkarretaratze-manifestazioa egingo dute larunbatean, 12:00etan. Herritar guztiak mobilizatzera deitu dituzte.
Astelehenero moduan, pentsio duinak eskatzeko elkarretaratzea egin dute Ordiziako Plaza Nagusian, Goierriko Pentsiodunek deituta. Euskal Pentsiodunen Mugimenduak egin duen deialdi berri bat iragartzeko ere baliatu dute asteroko hitzordua. Euskal Autonomia Erkidego osorako deialdia izango da, eta Goierri behean, Ordiziako Plaza Nagusia izango da elkargunea. Toledoko Itunari ez! lemapean, abenduaren 5ean, larunbata, 12:00etan, kaleak hartuko dituzte.
Larunbaterako deialdiaren arrazoia da, iragan azaroaren 19an , Toledoko Itunaren gomendioak hirugarrengoz berritu zituela Diputatuen Kongresuak, eta Euskal Pentsiodunen Mugimendua ez dator bat Kongresuak hitzartutakoarekin, uste baitute Toledoko Itunaren gomendioek agerian utzi dutela “gezur handia dela Gizarte Segurantza publikoa defendaezina dela”, eta ikusten dela “sistema mantentzeaz bestelako helburuetarako erabili direla funtsak”.
Era berean, “ofizial egiten da pentsioen igoera KPI errealarekin lotuta egongo” dela, baina gomendio horiek “desabantaila asko” dakartzatela: “27/2011 eta 23/2013 legeek sartutako murrizketak finkatu egiten dituzte; ez dute aipatzen 1080 euroko gutxieneko pentsioa bermatu behar denik, Europako Gutun Sozialak gomendatzen duen bezala; alarguntza pentsioari buruzko gomendioak etorkizunean okerragotu egingo dute emakume askoren egoera, eta handitu egingo da genero-arrakala. Alarguntza pentsioa, bikoteari dagokion, %100 eskatzen dugu; etorkizuneko pentsioak murrizteko diseinatuta dagoen Iraunkortasun Faktore mantentzen dute, hau da, urte batzuk ondoren, tarteka, pentsioak jaisten joatea; ez dago argi koefiziente murriztaileak baliogabetzen diren edo, gutxienez, murrizten diren 40 urte edo gehiagoan kotizatzen aritu eta gero enplegua galdu zutenarentzat; Pentsio-funtsak sustatzen dituzte, pertsona eta diru-sarrera handienak dituztenei mesede egiten diotenak, serga-desgrabazioak eginez, ahuldu egiten da Gizarte Segurantza Publikoa, finantza botereen mesedetan”.
Pentsioen sistema publikoaren erreformaren inguruan Goierriko Pentsiodunek ere uste dute, “gomendioek planteatzen duten moduan baztertu” egin behar dela, eta ondorengo arrazoiak eman dituzte: “Genero arrakala gainditzea alde batera uzten du berriz ere, nahiz eta emakumeek funtsezko eta ezinbesteko zereginak betetzen jarraitzen duten, bizitzari, gizarteari eta jarduera ekonomikoari berari eusteko; belaunaldien arteko etena eta gatazka sortzen du, eta hainbat arau eta eskubide sortzen ditu; eta azkenik, lan-segmentazioak eta prekarietateak areagotu egingo dira erretiroan, soldata, pentsio eta diru-sarrera prekarioak izango direlarik”.
Desadostasunak adierazteko eta Pentsio Sistema Publikoa defendatzen jarraitzeko, mobilizazioetan parte hartzeko gonbita luzatu dute Goierriko Pentsiodunek.