Hausnarketa prozesua amaituta, ondorioen txostena egingo dute
Ezkioko Udalak urrian hasi zuen hausnarketa prozesuko bilerak bukatu dituzte. Orain, ondorioen txostena egingo dute, jasotako ideiekin.
Ezkioko Udalak urrian martxan jarri zuen hausnarketa prozesu irekia amaitu da. Joan den astean egin zuten bigarren saio irekia herritarrekin, udalak Goierri beheko eta Goierri garaiko administrazioekin duen harremanaren inguruan hausnartzeko. Herritarren parte hartzea amaituta, prozesuaren ondorioen txostena egingo dute.
Ezkioko herritarrek zerbitzu batzuk eskuratzeko beste herri batzuetara jotzen dute maiz, besteak beste, eskolara joateko edo erosketak egiteko. Batzuetan Goierri garaiko herrietara jotzen dute, eta beste batzuetan, aldiz, Goierri beheko herrietara. Hori dela eta, Ezkioko Udala administratiboki zein eskualdetan kokatzea komeni den aztertzeko izan da hausnarketa prozesua.
Joan den asteko saio irekian hainbat erakunde aipatu zituzten eta horiek udalean duten eragina aztertu zuten: Urola Garaiko Mankomunitatea, Sasieta, Goimen, Ur konsortzioa,UEMA, EUDEL Bertatik Bertara, Tolosako Hiltegia eta Udalbiltza izan zituzten hizpide. Tomas Etxaniz Ezkioko alkateak azaldu duenez, parte hartzea oparoa izan da pandemia egoeran egin dutela kontuan izanda: «26 herritar izan ziren eta guk era positiboan baloratzen dugu egungo egoerak asko baldintzatzen duelako».
Ondorioen txostena
Herritarren ekarpenak jaso dituzte egindako saio irekien bitartez eta jasotako informazioarekin txosten bat aurkeztuko du Aztiker enpresak. Bertan erakunde desberdinen «garrantzian eta presentzian» sakonduko dutela adierazi du alkateak.
Erakunde horiekin izandako harremanaren jarraipena ere egingo dute. Ekimenaren helburua «Ezkioko biztanleen bizi kalitatea ahal den neurrian hobetzea» izango da.