Natura ikasketarako baliabide
Zaldibiako guraso talde batek Olaldeko basoko sasitza garbitu du auzolanean, ingurua eskola umeen jolas eta lan eremu izan dadin. Irakasleak Ekogunearen formakuntza jasotzen ari dira.
Ez ohikoa, dena da ez ohikoa 2020 honetan. Bai kalean, bai lantokian, bai ikastetxean. Ez ohikoa bai, baina ez beti okerrerako. Ez da atzera urte asko egin beharrik eskolek herri inguruak hezkuntzarako erabiltzen zituztela gogoratzeko. Bestelako urteak ere joan dira tartean, baina COVID-19 koronabirusak eragindako osasun krisiak egokitzapenak egitera behartu ditu ikastetxeak.
Zaldibiako Lardizabal herri eskola da horren adibide. Pandemiaren ikasturteari haurren garapenerako aberasgarria den irtenbide bat aurkitu diote, natur eremuak ikasketarako baliabide bihurtzea. Ugari izan dira Lehen Hezkuntzako ikasleek aurreneko hiruhileko honetan herriko bazterrak ezagutuz egin dituzten irteerak, eta ohikoa da Haur Hezkuntzakoak eskola ondoko parke botanikoan ikustea. Baina ez halamoduz. Jarduera horietarako Ekogunearen formakuntza jasotzen ari dira irakasleak ikasturte hasieratik.
Irakasleak, gurasoak, udala
Bost lan batzorde dituzte sortuak eskolan, horietako bat kanpo espazioaren erabilerari lotua. Irakaslez, gurasoz eta udal ordezkariz osatutako batzorde horren ekimenez, parke botanikoaren gainaldean dagoen Olaldeko basoko sasitza garbitu zuen larunbatean guraso talde batek, eremu hori lehengoratu eta eskola umeen esku jarriz. Parkean bertan egurrez sortutako bilguneak jartzeko asmoa ere badute.
Eta atzo bertan Naturaren balio hezitzailea hitzaldia egin zuten antzokian Ekoguneko Maialen Sistiagak eta Kakun Orbegozok, naturarekiko kontaktuak ikasketan dituen onurez aritzeko. Azaroa ere lehorretik joan da, ez ohikoa hau ere, inondik inora.