Beasaingo Udalbatzak aurkako botorik gabe onartu du 16,6 milioiko aurrekontua
16.633.601,15 euroko kopurua adostu dute 2021erako. Hiru ardatz bereizi ditu Aldasorok: enplegua eta langabezia, elkarteen egunerokoa eta ongizatea. Oposizioa, osorik, abstenitu egin da
Beasaingo Udalbatzak hamasei milioi pasatxoko aurrekontua onartu zuen pasa den asteko plenoan. EAJk alde bozkatu zuen eta EH Bildu eta PSE-EE abstenitu egin ziren. Aitor Aldasoro alkateak gogorarazi zuen «aurrekaririk gabeko shock ekonomiko baten testuinguruan aurkeztutako aurrekontuak» direla, eta «COVID-19ak eragindako osasun krisiak egoera ekonomikoa erabat aldatu» duela. Hala, bideratutako partidak «beharren arabera» aldatu egin daitezkeela iragarri zuen. Aurreko urteetan pilatutako zortzi milioi eta erdiko gerakinak erabiliko dituzte kasu horretan. «Horrek berresten du gure ogasunaren egoera ekonomikoa ona dela». Aldasorok hiru ardatz bereizi zituen aurrekontuak xehatzerakoan: enplegua eta langabezia, elkarteen jarduna eta ongizatea.
Alkateak 700 bat beasaindar langabezian daudela azpimarratu zuen, urtarrilean baino ia 200 gehiago. «Horrek esfortzu bat eskatzen du», aldarrikatu zuen. Enplegagarritasuna suspertzeko langabetuan formazioa eta ikasleen kontratazioa bermatzeko konpromisoa hartu zuten Goierri Eskolarekin eta Goiekirekin elkarlanean; gainera, udalak herriko enpresa txikiei bideragarritasun eta nazioartetzeko planak egiteko laguntza emango die; merkataritzari bideratutako laguntzak ere izango dira, baita ere bertako paisaia linguistikoa euskalduntzeko, digitalizazioa bultzatzeko eta erosketak sustatzeko egitasmoak.
Herriko elkarteen dinamika ere suspertu nahi du udalak. «COVID garaia ez da bakarrik diru kontua. Jarduera horiek mantendu beharrean gaude, herriari nortasuna ematen diolako». Kultur eta kirol arloko elkarteei bideratutako laguntzak mantendu egingo dira, eta kasu batzuetan igo. Zikloei eta bekei eutsi egingo zaie. Kiroldegian aireztapen sistema eta taberna berrituko dira.
Aurrekontuek «inor bazterrean ez uzteko» balio behar dutela esan zuen Aldasorok. «Gaur egun bazterrean egon daitekeen jendeari laguntzak emateko eta aurrera irteteko baliatu behar ditugu aurrekontuak. Baina ez era puntual batean pandemia dela eta, horregatik aipatzen dut diru laguntza estrukturalena». Gizarte ongizatera bideratutako hainbat zerbitzuen finantzaketa hazi egingo da: esaterako, pertsona helduen konpainia zerbitzuaren partida %32 haziko da; mendekotasunari aurre egiteko tailerrarena, %10; etxez etxeko laguntzarena, %12; eta eguneko zentroarena %5. Udaltzainek urteko egun guztietan egingo dute lan eta IGuneak astearte, asteazken eta ostegun arratsaldeetan ere irekiko du.
Zehaztasun falta salaketak
Oposizioak udal gobernuari zehaztasun gehiago eskatu zion aurrekontuak aurkezterakoan. Eva Alvarez PSE-EEko bozeramaileak salatu zuen kopuruak ez direla errealak eta horrek udal batek izan beharko lukeen gardentasuna zailtzen duela. Hasier Agirre EH Bilduko zinegotziak ere urte berezia izan arren «ohitura txarrak» aspaldikoak direla leporatu zion udal gobernuari, zehaztasun faltari eta kreditu txikiei aipamena eginez. Halaber, bi alderdiak kexatu ziren gastu politikoa hazi egin dela.
Kontuak kontu, biak abstenitu egin ziren. «Krisi sozio-ekonomiko hau gainditzeko elkarrekin lan egiten jarraitu behar dugu», arrazoitu zuen Alvarezek; «Beasain justu baten alde proposamenak egiteko eta elkarlanerako prest gaude», gaineratu zuen Agirrek. Aldasorok eskertu egin zuen oposizioak erakutsitako jarrera eta ekarpena.