Izurritearen krisia udal aurrekontuan sumatuko da Lazkaon, %1,23 jaitsita
Udalak 8.035.916 euroko aurrekontua onartu du 2021erako. Hiribarren-Ibabe industri guneko kalea berritzea izango da lan handiena. Inbertsioetarako 1,5 milioi jarri dituzte
Aspaldiko urte askoan izan gabekoa nozituko du Lazkaon 2021eko udal aurrekontuak: jaitsiera. COVID-19aren krisiak zenbakiak estutzera eraman du udala, eta iaztik %1,23 jaitsiko da udalaren diru poltsa erabilgarria, 100.466 euro gutxiagokoa. Denera, 8.035.916 euroko udal aurrekontua onartu zuen Lazkaoko Udalbatzak lehengo ostegunean, EAJren aldeko zazpi botoekin. EH Bilduko sei zinegotziek aurka bozkatu zuten.
«Pandemiara egokitua» izango da aurrekontua, Kepa Zubiarrain alkatearen arabera. Jaitsierarako murrizketa inbertsioetan egin dutela gehitu du. Oro har, gastuak mantendu dituzte, eta Gizarte Zerbitzuen arlora iaz baino %14 gehiago bideratuko dute: 410.000 euro. «Herritarren babesa eta ongizatea, garapen ekonomikoa eta enplegua, eta Lazkaoren etorkizuna finkatzea» dira hiru oinarriak. «Aurrekontu aurrerakoiak eta ausartak dira», alkatearen hitzetan.
Inbertsioetara 1,5 milioi
Udalak zorpetu beharrik ez du izango, eta inbertsio publikoaren «apustu garbia» egingo du. Hala, 1.510.000 euro inbertsioetarako zehaztu dituzte, aurrekontu osoaren %18,8.
Kostu handieneko lana Hiribarren-Ibabe industrialdeko urbanizazioa berritzea da. Mikelar barrua berritzea, udaletxe alboko zubia San Prudentzio eskolara arte inguruko kaleen itxurara jartzea, eta Harizti Handi futbol zelaian aldagela gehiago sortzea dira beste jarduera batzuk.
EH Bilduk Hiribarrengo urbanizazioa ez du beharrezko jo. «Espaloia hobetzea baino behar eta ideia gehiago izango dituzte hango enpresek», esan zuen Joxemai Ormazabal bozemaileak. Udalaren «proiektu izarrak» herriari onura handirik ez diola ekarriko erantsi du, bi urtean milioi bat euro jarrita. Dukearen jauregia erostea proposatu du.
Beste gaiak
Udal langileen ordainsariak Espainiako dekretuari egokitzea aho batez onartu dute, %2ko igoerarekin. Udal lantaldearen eta lanpostuen zerrenda ere bai, EH Bildu abstenituta. Antolaketaren azterketa egin du udalak, eta Ogasun Batzordeak landuko du.
Saharako mozioa bi taldeek bateratua, azkenean onartu zen; udalentzako foru funtsarena eta zorpetzearena, ez.
Alderdien irakurketa kontrajarriak, tentsioko batzar eztabaidatsuan
Udaletxe areto nagusiko batzar mahaia bikoiztuta, tarteak handitzeko, 13 zinegotziekin egin zen ostegun iluntzean udalbatzarra. Talde bakoitzak bere argudioak azaldu zituen, EAJk aurrekontuaren alde, eta EH Bilduk aurka. Errepliketan eztabaida piztu zen, tarte fisikoa arrakala politiko bihurtuz.
Hiribarren-Ibabe berritzeko egitasmoa, denda horren etorrerarekin lotu du EH Bilduk. «Jakinik industrialde horrekin mugakide diren terreno batzuen jabeei, udalak lurrak eskualdatzeko proposamenen bat egin omen ziela, merkataritza-etxe erraldoi horren interesak defendatuz», esan du Ormazabalek.
Ukatu egin du EAJk, eta oinezkoak ibiltzeko pabiloien aldea egoera txarrean dagoela erantsi. Bizitokiak ere badaudela han gogoratu du alkateak.
Eztabaida berotu egin zen, Mercadona jartzea ahalbidetzeko arau aldaketa famatuaren harira. Zer zetorren ez zekitela bozkatu zutela alde esan du EH Bilduk; eurek zeukaten beste informazio zeukatela erantzun dio EAJko alkate ohi Felix Urkolak, haren agintaldian onartua baita.
Gezurretan aritzea leporatu dio alde bakoitzak besteari, tentsioko akusazio gurutzaketan.
Pandemia eta etorkizuna
Izurritearen egoerari aurre egiteaz gain, etorkizuneko «hurrengo faseari begira» jarri dela udala azaldu du Zubiarrain alkateak. Garapena eta inbertsio publikoa ipini ditu horren zutabe.
Bi arloak aldi berean estaltzea ezinezkoa dela leporatu dio oposizioko Ormazabalek. «Zuloa orain» dagoela erantsi du, eta udalak «adabakiak» jartzen dituela. Ostalaritzari zuzeneko konpentsatzioak emateko aldarrikatu du. Giro mikaztuaren seinale, azken aldera landu zen Sahararen aldeko mozioa ere izan zen. EAJk aurkeztu zuen, baina batzar aurretik EH Bilduk ere bat egin zuenez, bien izenean joan zen. Hala ere, mozioaren sustapenaren eta aurkezpenaren egiletzak ikamika eragin zuten.