Kanturik ez San Nikolas egunean
Goierrin, Seguran, Legazpin eta Zegaman eutsi diote San Nikolas egunaren bueltako ohiturari. Haurrak kantu eskean atera ohi dira kalez kale, baina aurten ez dute ekintzarik egingo.
San Nikolas egunaren bueltan, kantu eskea egiten dute Segurako, Legazpiko eta Zegamako haurrek kalerik kale. Herri bakoitzean haur bat gotzainez janzten dute, haurren zaindari gisa izendatutako santuaren omenez. Aurten, ordea, ez da ez musikarik ez festa girorik egongo kaleetan, pandemiagatik ekintza guztiak bertan behera geratu direlako.
Abenduaren 6an izaten da San Nikolas Eguna. Seguran egunean bertan egiten dute kantu eskea. Aurten, ospatuko ez duten bigarren aldia izango da. Laureano Telleria segurarrak azaldu du 1970an ere ez zutela egin: «Urte hartan Burgosko epaiketa izan baitzen, abenduaren 3tik 9ra».
Aldaketa esanguratsuak izan ditu ohiturak urteak joan ahala. Hainbat jai herrikoiren antzera, mutilak soilik izan zitezkeen San Nikolas Txiki duela 12 urte inguru aldatu zuten arte, eta orain haur guztiek izan dezakete gotzainez janzteko aukera. Pottoka baten gainean egiten dute ibilbidea: «Garai batean zaldi gainean, gero 40 urtez oinez egin izan zen eta orain 25 urte pottokarekin ateratzen direla».
Eskola egunetan
Goierrin, Seguraz gain, Zegaman eta Legazpin ere eutsi diote San Nikolas eguneko ohiturari. Zegaman eta Legazpin, halere, eskola egunetan ospatu ohi dute, hau da, abenduaren 6aren aurreko egunetan egiten dute, San Nikolas eguna jai eguna izaten da eta. Legazpin arratsaldean irteten dira kantuan.
Haztegi ikastolako, Domingo Agirre ikastetxeko eta Olazabal institutuko ikasleak izaten dira protagonistak eta Doinua musika eskolako musikariak izaten dituzte lagun.
Zegaman, berriz, goizean ateratzen dira etxez etxe abestera eskolako ikasleak. Aintzane Gonzalez Aitxuri Herri Eskolako ikasketa buruak azaldu duenez, lehendabizi, 09:00etan, hirugarren, laugarren eta bosgarren mailako ikasleak ateratzen dira. Ibilbide luzea egiten dute eta lehenengo eta bigarren mailakoekin eta Haur Hezkuntzakoekin elkartzen dira herriko plazan. Bertan atseden hartu eta mokadutxoa jaten dute, eta abesten eskolara itzultzen dira. 12:30 inguruan amaitzen dute erronda. Eskuratutako dirua gai sozialetara bideratzen dute herri eskolako ikasleek.
Ikasleen batzordea
Aitxuri herri eskolako ikasketa buruak azaldu duenez, ikasleen batzordeak erabakitzen du zertarako erabili lortutako dirua. Ikasgela bakoitzetik arduradun bat egoten da batzorde horretan. Iaz, herrian estimatua zen bati laguntzeko baliatu zuten, anaia hil zitzaion herritar bati laguntzeko, alegia: anaiaren gorpua Senegalera eramateko berari eman zioten dirua.