Azokan ere, euskaraz eros daiteke
Postu saltzaile gehienak ahobiziak dira, eta belarriprestak gehituz gero, oso postu gutxi leudeke hortik kanpo. Bezeroaren lehen hitzak ere garrantzi handia du erabiltzen den hizkuntzan.
Neguaren hurbiltasuna gogora ekarri nahian edo, abenduko lehen ferian giro hezea, hotza (6 gradu inguru). Haize mina sentitzen zen. Araberako produktuak izan dira nobedade. Hala nola Inperial edo «negu madaria esaten diogu guk», dio Joxe Antonio Elosegi Gabiriako Oñatibi txikikoak. «Asko irauten duen udarea da gogorra, egosita jateko ona, gordinik gustu berezia du, konpotarako oso egokia». 2,5 euroan kiloa. Postu berean Granny smith motako sagarra ikusi dugu, 1,5-2,5 euroan kiloa. Berde bizi kolorekoa, bizia eta bai erreta, bai gordinik jateko oso preziatua da sagar hau.
Lonbarda aza morea ere hasi da 2 euro burua. Monteseneko postuan asko aukeran, kolore guztietako azaloreekin batera morea, horia, berde argia eta ohiko zuria. Apio-edo perrexil hezea ere esan ohi zaio. Erraboila ekarri du Arantxa Zurutuzak. Ez da asko saltzen den barazkia, baina bezeroren bat edo beste galdezka zuen; euroan bakoitza salgai. Hostoak ezagunagoak dira eta postu gehiagotan ere ikus daitezke baina erraboila aramar honek bakarrik ekarri izan du orain arte.
ONCEkoa, hamaika zozketa
Azokarekin lotutako zozketen inguruan ere bada zer esana. Orain dela bi aste hasi ziren marka berria duten poltsak (barazkiz beteak) eta erosketa orgatxoak zozketa bidez oparitzen. Bi astetarako pentsatua bazen ere, abendu osoan jarraituko dute. Erosketa bakoitzeko txartel bat jaso ohi du erosleak eta plaza sarreran dagoen kutxan bota. Pilatzen direnen artetik ateratzen dira saria irabaziko dutenen izenak. Atzo Feli Torre, Oihana Diez, Joseba Arzelus, Joxe Iturrioz, Edurne Arakistain eta Goizane Irastorza opariaren jabe egin ziren. Bestalde, atzo aurkeztu zen Ordiziako merkatua azaltzen deneko ONCEko kupoia. Merkatuen argazkiekin Hau da zure merkatua serie bat osatu du itsuen elkarteak eta Ordiziako sartzea proposatu zuten.
Abenduaren 8an egingo da horri dagokion zozketa. Feriaren ezagutza areagotzeko eta bezeroak erakartzeko baliagarria izan dadila eta hori lortze aldera lehenbailehen herriz herri ibili ahal izatea ahal bideratu dezatela.