Bidelani esleitu dizkiote Deskargako autobideko ordainketa eta mantentze lanak
Bidelanek proiektuak 11,2 milioi euroko aurrekontua du eta bost urte pasatxoko iraupena
Bidelanek bereganatu du Beasain eta Bergara arteko A-636 autobiaren mantentze eta ordainketa lanak egiteko lizitazioa. Proiektuak 11.256.398,24 milioi euroko aurrekontua du –9,3 milioi euroko aurrekontu gordina– eta bost urte eta zazpi hilabeteko iraupena. Gipuzkoako Foru Aldundiak irailean iragarri zuen 2022ko uztailerako, asko jota, ordainketa sistemak indarrean egon beharko duela.
Bidegik, Gipuzkoako errepideen ustiapenaz eta kontserbazioaz arduratzen den enpresak eta, kasu honetan espleipena egiteko arduradunak, Bidelan hobetsi du konpainiaren FreeFlow ordainketa sistemarengatik. Izan ere, autoek ez dute gelditu edo mantsotu beharrik ordainsaria ordaintzeko. Goierriri dagokionez, Beasainen, Ormaiztegin, Zumarragan eta Urretxun kokatuko arkuetatik igarotzerakoan sistemak kotxea identifikatuko du matrikularen bitartez eta kotxera esleitutako kontu korrontetik kobratuko da.
Autoek gelditu beharrik ez dutenez trafikoa arinagoa da eta egin beharreko inbertsioak ere txikiagoak dira. Bidelanek jarritako FreeFlow sistema jada indarrean dago N1 errepideko Gipuzkoako zatian.
Ordaindu beharrekoa
Beasaindik Ormaiztegira joateko 0,38 euro ordainduko da; Ormaiztegitik Zumarragara joateko 0,74 euro; Urretxutik Bergarara joateko 1,41 euro; eta Urretxutik Antzuolara joateko, 0,48 euro. Ibilgailu arinen kasuan hori, zenbat eta ibilgailu astunagoa orduan eta gehiago ordaindu beharko delako. Motorrak salbuetsita daude.
IBILBIDEA | KM. | ARINAK | ASTUNAK1 | ASTUNAK2 |
Beasain-Ormaiztegi | 2,8 | 0,38 | 0,61 | 0,78 |
Ormaiztegi-Zumarraga | 5,4 | 0,74 | 1,18 | 1,50 |
Urretxu-Antzuola | 2,5 | 0,48 | 0,79 | 0,98 |
Urretxu-Bergara | 7,3 | 1,41 | 2,32 | 2,87 |
Beherapen progresiboak egongo dira eta Abiatu gailua dutenek AP-1, AP-8 eta Beasain-Bergara errepideak erabili ahal izango dituzte hilean gehienez 32,24 euro ordainduta