Errezeta liburua kaleratu du Baladi Goiburu sukaldari legazpiarrak
Sukaldari legazpiarrak bere lehen errezeta liburua argitaratu du: 'Your own way' (Zeure erara), Legazpiko MKL Estudioarekin. Sarean eros daiteke.
Baladi Goiburu Leis sukaldariak (Legazpi, 1991) bere lehen errezeta liburua kaleratu du Your own way (Zeure erara) izenburuarekin. Liburua salgai dago sukaldariaren baladigoiburu.com webgunean. Legazpiko MKL Estudioak diseinatu du.
Zazpi errezetaz osatutako liburua da Your own way. Goibururen lan ibilbidean marka utzitako errezetak dira guztiak, eta zazpiak argazkiz lagunduta doaz. Errezetak prestatzeko osagaiak, prestaketa prozesua bera eta platerean nola aurkeztu azaltzen dira atal bakoitzean.
Sukaldaritza maitatzea
Errezeta liburuaren helburua «sukaldaritzagatik sentitzen dudan maitasuna konpartitzea» dela azaldu du Goiburuk, irakurleari bere sukaldaritza helaraztea, alegia.
Helburu hori bera duen beste proiektu bat ere badu eskuartean orain, My Own Way deitzen den proiektua, hain zuzen, Nire erara euskaraz. Bere sukaldaritza bezeroaren etxera eramatean datza. Zazpi platerez osatutako menua eskaintzen du, Laztana izenarekin, eta bezeroaren etxean prestatu eta zerbitzatzen du. Aperitiboa, zizka-mizkak, entsalada bat, salda bat, arrain plater bat, haragi plater bat eta postrea ditu menuak. Inguruan horrelako zerbitzua eskaintzen duen bakarretakoa da sukaldari legazpiarra.
Goiburu Cebanc-en hasi zen sukaldaritza ikasten 2015ean, eta titulua lortzeaz gain, Michelin izardun sukaldariekin ikasteko eta lan egiteko aukera ere izan du: Ingalaterrako The Elephant jatetxeko Simon Hulstonekin, Martin Berasategirekin, Fagollaga jatetxeko Isaac Salaberriarekin eta Valentziako Canalla Bistroko Ricard Camarenarekin. Sari garrantsitzuak ere irabazi ditu berak prestatutako hainbat platerekin, eta horietako batzuk dira liburuan jasotakoak.