Aittuk "urratzaile" izateko eskatu du
Beasaindarren %16ak Euskaraldian parte hartu du. Jende anitza batu da ekimenera, eta %20ak aurreko edizioan ez zuen parte hartu. Antolatzaileak gustura daude kopuruarekin
2.211 beasaindarrek hartu dute parte Euskaraldian, herritarren %16ak. “Herriaren erantzunarekin gustura gaude”, aitortu du Patxi Saez Aittu taldeko kideak eta Euskaraldiko Beasaingo dinamizatzaileak. Aittu euskara taldekoek eskerrak eman dizkiote ekimenean parte hartu duen orori.
Aurreko edizioarekin alderatuta kopuruak behera egin du baina antolatzaileak baikorrak dira. Osasun larrialdiak harremanak asko zaildu dituenez kopuruak txikitzea espero zuten. “Euskaraldia egitea bakarrik arrakasta da”, dio Saezek. Gainera, azpimarratu du askotariko jendearengana heldu direla eta bost parte-hartzailetik bat Euskaraldian berria izan dela. Parte hartu dutenen bataz besteko adina jaitsi egin da.
Jarraikortasuna eman nahi diote joerari. Datozen egunetan hizkuntza ohituren inguruko bigarren galdetegia egingo dute eta hiru hilabete barru hirugarrena eta azkena. Halaber, Aittu euskara taldeak bere galdetegi propioa egingo du ondo egindako lana eta hobetu beharrekoa identifikatzeko. Jendeari euskara taldean parte hartzeko eskatu diote, denen ekarpenarekin errazago eta hobe egingo delako lan.
Lehen hitza euskaraz
“Aurtengo Euskaraldia bukatu da, har ezazu jarrera urratzailea eta egin ezazu beti lehenengo hitza euskaraz”, eskatu dute Aittukoek. “Gizartearen aldaketa prozesuetan %20ak jarrera urratzailea izaten du, jarrera ekintzailea. Gainontzeko %75ak jarrera jarraitzailea hartzen du, jarrera neutroa. Ondo iruditzen zaie Euskaraldia egitea baina ez dute izenik ematen eta ez dute txaparik janzten. Baina, %75 horrek euskara erabiltzen dela ikusten badu, beraiek ere erabiliko dute, beraiek ere egingo dute euskaraz”.