Emakumeen lana azaleratzen jarraitzeko
‘Hariz hari sorgindu hadi!’ proiektuaren bigarren zatia lantzen ari dira Seguran: Lehen Hezkuntzako haurrei egokitutako unitate didaktiko bat. Unitatea 2021ean amaitzea da helburua, 2022an Segurako Laiotz herri eskolan aplikatzen hasteko.
Hariz hari sorgindu hadi! ibilbideari jarraipena ematea erabaki dute Seguran. Duela bi urte aurkeztu zuten herriaren nortasunean emakumeek egindako ekarpena jasotzeko ibilbide turistiko pedagogikoa, eta, bide horretan beste pauso bat emanda, haurrei egokitutako unitate didaktiko bat sortuko dute orain Farapi kooperatiba elkarteak eta Segurako Udaleko Berdintasun Sailak, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Joan den astean aurkeztu zuten proiektu berria Arantzazu Baztarrika Izagirre Segurako Udaleko Berdintasun Saileko langileak eta Maider Eguzkitza Arteaga eta Irati Garai Aldekoa Farapi elkarteko langileek.
Hasierako ibilbideari eta materialari balioa eta zabalkundea emango dizkiote orain. Zehaztu dute erronka: Segurako Laiotz herri eskolako Lehen Hezkuntzako ikasleek (5-12 urte) unitate didaktiko hori erabiltzea, lehen mailan hasi eta seigarren mailara arte.
Ibilbidearekin eta proiektuarekin egin bezala, unitate didaktikoa ere modu kolektiboan sortuko dute. Farapi elkarteko teknikariek prozesuaren eta taldearen dinamizazio lana eta unitate didaktikoaren aurreko lanketa egingo dituzte lehendabizi. Herriko emakumeekin Farapik aurrez egindako lana aztertu ondoren osatuko dute behin betiko materiala. Gainera, herriko hezkuntza eragileekin ere elkartuko dira, ekarpen pedagogikoak egin ditzaten. Halere, parte hartu nahi duen emakume orori zabaldu diote deialdia, eta aurkezpenean, adibidez, interesgarri jo zuten emakume baserritarrekin hitz egitea.
Ahal dela, aurrez aurre
Hiru saio egingo dituzte, ahal dela aurrez aurrekoak, Segurako Danon Gela aretoan. Aurrez aurreko horiekin elkarren arteko harremana hobeto landuko dutela uste du Eguzkitzak: “Lan egiteko modu hori lehenetsiko dugu, baina, ezinezkoa balitz, Internet bidez egingo genituzke, euskarri digitalak partaideekin adostuz”.
Ondo bidean, Kontxisi, Katalina Goia Murgiondo eta Anita Arzelus Imazen inguruko lanketa egingo dute lehenengo saioan. Bigarren saioan, berriz, emaginak, lixibalekua eta baserri mundua izango dituzte hizpide; eta hirugarren saiorako utziko dituzte Zesteria etxea eta Txanbolinpea.
Informazioa bilduta, ebaluazioa egin, balizko azken ekarpenak jaso, eta dokumentu bat osatuko dute. Pandemia egoera dela- eta datetan aldaketak izan daitezkeen arren, lehenengo saioa datorren urteko urtarrilean egitea aurreikusi dute, eta azkena, berriz, maiatz inguruan. 2021a bukatzerako unitate didaktikoa bukatuta izatea dute helburu, 2022an erabiltzeko prest egon dadin. Segurako Udaleko Berdintasun Sailaren esku geldituko da proiektua, baina beste udal arloekin elkarlanean ariko dira, besteak beste, Turismo, Gazteria edo Kultur arloekin.
Baztarrikak azaldu duenez, Segura bertako ikasleek erabiliko dute behin lanketa amaituta prestatuko duten dokumentu fisikoa, baina ez dute baztertzen inguruko beste herri batzuetara ere zabaltzea: “Proba pilotu baten antzekoa izango da Segurakoa, eta litekeena da gero inguruko eskoletara ere zabaltzea, herrian zer egin dugun jakiteko”. Baztarrikak, dena den, argitu du behin dokumentu fisikoa erabiltzen hasitakoan denbora tarte bat beharko dutela egindakoaren emaitza kontrastatzeko.
Bigarren fase horretan, unitate didaktikoaren sorrera izango dute ardatz, baina proiektuaren helburua ez da dokumentu fisiko hori egitea soilik. Emakumeen ezkutuko lana argitara eramateaz gain, emakumeen arteko saretzea bultzatzea eta lotura hori sendotzea ere bada lanaren oinarria: “Zeharkako helburuak ere badauzkagu; tartean, herriko emakumeen artean ahalduntze prozesu hori lantzea”, adierazi du Eguzkitzak.
Ekarpenak egin nahi dituzten Segurako emakumeek, beraz, urtarriletik aurrera izango dute horretarako aukera. Herriko emakumeak ezagutzeko, esperientziak trukatzeko eta harremana sendotzeko aukera ere izango dute saio horietan.