Irati Goikoetxearen 'Mosuba' poesia multzoak irabazi du Mungiako Lauaxeta olerki lehiaketa. Musu emateko modu berriei buruz idatzi du
Irati Goikoetxeak irabazi du Mungiako Udalak antolatzen duen Lauaxeta olerki lehiaketa. Mosuba izenburupean idatzitako olerkiek egungo osasun egoerari egiten diete erreferentzia eta musu emateko asmatu diren modu berriei. Bost musu deskribatzen ditu:
Musukoa 1 |
Musukoa 2 |
Biluzik harrapatu gaitu zaplaztekoak. Soinean zalantzak genituen,
beldurrak azalpean.
Bagenekien ubeldurak ikusiko zitzaizkigula,
eta, hala ere,
izara ziztrin bat janzteko astirik ere ez dugu hartu.
Ipurdi-bistan harrapatu gaitu biluztu nahi ezak.
Eta hotza da negua,
eta lotsagabea
azal gorriko minek doministikuak estaliko dituztela sinesteko.
Eta batzuetan ez da nahikoa
dar-dar egiteko prest gaudela erakustea
trukean berotasun pixka bat jasotzeko.
Eta, hala ere, musu emango dizut kokotean.
Distantzia perfektuaren itsutasunetik,
ez baitu begirik behar gozoak,
nahikoa ziztada bat
ezer ikusten ez den tokian.
Hotzikarak kokotean behera erortzen dira
aske eta (b)ero.
|
Nor bere etxetik.
Hormak atzaparkatu ditugu izoztutako denboraren bila,
ordulariak jan ditugu askaritan
eta armiarmarena egiten hasi garenean,
sabaia ez dela hain aterpe konturatu gara.
Bost metro luze ditu nire uholdeak
eta aterkia zabaltzeko espaziorik ezean,
ohepean igarotzen ditut joan-etorriak.
Korapilo bat da hauts-arte hau.
Horregatik erauzi ditugu gure etxe propioak.
Finean hori baita errazena: birikez beste egitea. Otsoarena egin eta bizitza haizatzea.
Eta, hala ere,
musu emango diot zure argazkiari.
Kolorea desagertuko zaizu,
ezpainen trazua gandutu egingo da,
baina hondartzako olatuek hor jarraituko dute
gora eta gora,
eta kresala ukitzera iristen naizela sinetsiko dut.
Ni bustitzeko prest
musu ematen dizudan bakoitzean.
|
Musukoa 3
|
Musukoa 4
|
Leihoan marraztu nuen mundua.
Eguzki handi bat kristalaren hotza sutzen,
eta erdian euria.
Norbait negarrez. Norbait laino.
Ekaitz arteko trumoietan
tximistak zintzilik gelditu zitzaizkidan dilindan.
Argi txiki bat,
argi pixka bat behar zuten nire eskuek.
Horregatik lehertu nituen bonbillak
azala lehertzeraino.
Orain kobazuloak ditut
eta pertsianak tripetaraino eroriak.
Leihoan marraztu nuen mundua,
erraldoi eta txiki,
kolore bakarreko ostadarrak zulatua.
Eta, hala ere,
musu emango dizut leihoaren bestaldetik,
eta ezpainak sartuko ditut kristalean barrura,
eta mingaina ezpainetan barrura,
eta listua mingainean barrura.
Eta zain geldituko naiz leihoari sudurra itsatsita.
Eta bion musua lurrun bihurtuko da
hotza epeltzen den arte.
|
Irribarre mutilatuak botatzen ditugu egunero zakarrontzira
eta auskalo zer gertatzen den,
ez irri eta ez barre,
herren diren izpi horiekin.
Eguzki gehiegi zulora.
Begietan nabari dela, bai, baina
hortz okerren arteko arrakaletan
sugerik ikusten ez dugunetik
pozoia gaiztotzen baino ez zaigu ari.
Eta bitartean,
errealitate partzialak ari gara arnasten
gure hatsaren zurrunbiloa behin eta berriro mastekatuz.
Itoko gara
eta ura edaten jarraituko dugu.
Eta, hala ere,
musu emango dizut ipurdia ipurdian.
Eta inoiz ez bezala pentsatuko dut jolas egiteko jaio ginela.
Kontu batzuk ez sinestekoak baitira,
eta beste batzuk behin eta berriro errepikatzekoak.
Adibidez, hauxe.
|
Musukoa 5
|
|
Denbora joaten zaigunean,
itsasoak olatu izan daitezkeela ikusiko dugu,
igerian helduko diegu apar hautsiei
eta pentsatuko dugu gu
ere izan ginela
mozorro eta zomorro
eta pentsatuko dugu
etorriko direla berriak
eta bitartean
musuz beteko ditugula zokoak
badaezpada ere
besarkadarik gabeko maitasunak
etorrita ere berriro
esperientziak salbatuko gaituela. Gu ere izan ginelako behin
distantzia.
Eta, hala ere,
musu emango dizut
eta diot aireari.
Emango dizut mosuba.
Eta muin eta pot eta pa,
eta denak bilduko ditut opari paperean
eta zure etxeko atea non den topatzen badute
esan
jasoko dituzula poltsikoan
eta eramango dituzula zurekin
bion artean berriro lurrikarak sortuta ere
musurik behintzat ez dadin berriro falta
|
|
Gaia, urtero, Lauaxetaren poesia baten izenburua izaten da. Aurtengo gaia Mosuba zen. Argazkia: Mungiako Udala
Sari banaketa atzo izan zen, euskararen egunean eta Euskaraldi bete-betean. Goikoetxeak sormena balioan jarri zuen oholtzara igotzerakoan, eta erakudeei baliabideak jartzeko eskatu zien. “Ilusio berezia egin dit sariak, benetakotasun handiko lana da, denok bizitzen ari garen egoera berezi honi erreferentzia erreala egiten diona, horrek neureago eta geureago sentiarazten dit idatzi dudana. Tarteka gustatzen zait poesia idaztea eta nire lana Miren Agur Meabe eta Juanra Madariaga bezalako idazle handien gustukoa izan dela jakitea ederra da. Izen handiko olerkariek irabazi izan dute lehiaketa hau, tartean Ione Gorostarzu edota Jon Barberenak. Orain dela bi urte Jon Barberena laguna nik jaso dudan sari bera jasotzen ari zela pentsatzeak poza eragiten dit, konexio bat gehiago bere hutsuneari goxotasuna eskaintzeko”, esan zuen.