Ohiturak ez dira egun bakarrean finkatzen
Goierriko dendariek diote azken egunetan bezero gehiago zuzendu zaizkiela euskaraz. Halere, beltzetik zurira ez da egun bakarrean aldatzen. Nahiz eta Euskaraldia gaur amaitu, joerari eutsi egin behar zaio ohitura bihurtzeko
Dendarien sentipena da Euskaraldia hasi zenetik bezero gehiagok egiten duela lehen hitza euskaraz. Arigune bezala identifikatzen dituen pegatinak, Euskaraldiko banderolak eta ahobizi edo belarriprest txapak bistan eramateak jendeari euskaraz aritzeko lasaitasuna ematen dio. Are gehiago dendariak lehen hitza euskaraz egiten badu.
«Dakienak euskaraz segitzen dizu eta ez dakienak ez», diote Zumarragako Urbe arropa-dendan. Zuzen zerbitzu grafikoetako Jone Vasallo dendariak bat egiten du: «Guk beti agurtzen dugu euskaraz. Normalean, euskaraz badakienak eta hitz egiteko ohitura duenak jarraitzen du». Egun hauetan jabetu dira ohitura ez dutenetako batzuk ere euskaraz jarraitzen dietela. Erabilera «apur bat» areagotu dela diote.
Ordiziako Sindikatura sartu orduko ikusten da Euskaraldiarekin bat egin dutela dendan. Atean bertan, bertako langileak ahobizi bezala identifikatzen dituen kartela dute jarrita; barruan, mahaitxo baten gainean, euskaraz lasai aritzeko gunea dela dioen txartela, eta GoiBerri aldizkariak Euskaraldiari eskaini dion ale berezia. Baina esanguratsuena, denda barruan arnasten den giro euskalduna da.
Izaskun Altunak azaldu duenez, Euskaraldian arigune izateko izena eman badute ere, urte osoan da euskaraz lasai hitz egiteko lekua Sindikatua, «gu beti euskaraz aritzen gara, eta gazteeraz aritzen direnekin ere saiatzen gara». Bezeroen tipologiak laguntzen duela dio, gehienak euskaldunak direlako, baina euskaraz hitz egiten ez dakitenei ere lehenengo hitza beti euskaraz egiten dietela esan du, eta «askok eskertu egiten dute hori».
Euskaraldia bezalako ariketak ondo ikusten ditu Altunak, nahiz eta Sindikatuan eguneroko jarduenan ia aldaketarik ez duten sumatu egun hauetan. Hala ere, euskaraz gehiago hitz egin beharko litzatekeela uste du, eta horretara «jendea animatzeko» balio du Euskaraldiak, txapa bat edo bestea eramanda, «gehiago» saiatzen direlako. Ordiziako denda honetan, txaparekin edo txaparik gabe izanda ere, beti egongo dira prest euskaraz jarduteko eta euskaraz jarduten laguntzeko.
Euskaraldia gaur amaituko den arren, Legazpi liburu-dendan txapa ez dute kenduko. «Urte osoan eramaten dugu», diote.
Bezeroek ohiturak finkatuak dituztela diote eta askok urte osoan egiten dietela euskaraz. Ohitura aldatzeko Euskaraldia baliatu duten bezeroek hala jarraitzea espero dute.