«Urte asko daramat Binakako Txapelketako txapelari begira»
Pilotari profesional moduan hamar urte bete dituena zaila suertatu zaio Jon Ander Albisuri (Ataun, 1990). Etenaldia, greba, lan gatazkak... Gaur probatuko du gozotik.
Urak bere onera etorri al dira?
Bai, pixka bat bai. Ez da garairik onena izan, grebarekin pilotaz baino gehiago hitz egiten zelako pilotatik kanpoko gauzez. Finalaurreko hau falta zen bukaera emateko eta pasatu dugun momentu kaxkar hau ahazteko. Ea ostiralean [gaur] gure maila ematen dugun, partida ona egin, eta aurrera begira jartzen garen.
Grebara eraman zintuzteten kontuak onbideratuta daude, ala badago konpontzekorik?
Eskatzen genituen gauza minimo batzuk lortu genituen. Egia da dena lortzea zaila dela, baina batez ere hasi berrientzat eta pilotan urte gutxi daramaten pilotarientzat baldintza batzuk lortu genituen. Eta hori lortuta, gustura gara. Jada normalitatera itzultzen ari gara. Ea luzaroan ez den horrelakorik gertatzen.
Aurtengo urtea berez ari da zaila izaten. Baina noiztik zegoen egoera oker?
Egun batetik besterako kontua ez da izaten grebara joatea. Azkeneko urte pare batean gauzak ez zihoazen ondo, presio dezente geneukan, gauzak esanda bezala egin beharra… COVIDarekin lehertu da, eta greba egin beste aukerarik ez geneukan. Nahiz eta momentu zailak pasatuko genituela jakin, erabaki hori hartu zen. Egia esan, merezi izan du, lortu duguna ikusita.
Emaitzarekin aseta, beraz?
Bai. Pertsonalki ere erabaki zailak hartu beharreko uneak izan dira. Grebatik atera ginenean pisu bat kendu genuen. Inork ez genuen nahi egoera horretan segitzerik. Zoritxarrez, beste aukerarik ez dugu izan.
Burua kirolean jarrita orain?
Bai. Grebatik atera ginenean, entrenamenduetan normal hasi ginen, eta partidek ere beste mentalitate batean jartzen zaituzte. Finalaurreko hau jokatuko genuela esan zigutenean burua egun honetan jarri genuen.
Finalaurreko hau urrian zenuten. Greban zeundetenez ez zineten azaldu, eta galdutzat eman zizuen Ligako epaile bakarrak, salaketa jarri zuen ELAk. Arriskuan ikusi zenuen?
Bai, ez jokatzeko arriskua bagenuen. Epaiketara ez gara ailegatu, eta han ere ez genekien zer pasatuko zen. Aldeko bezala ikusten genuen, baina epaiketara nola joaten zaren badakizu, inoiz ez nola irtengo zaren. Gauza serioak dira. Galdutzat eman zigutenean, kautelazko neurri bezala finala ez jokatzea jarri izana, sindikatuak garbi ikusi zuen gure alde aterako zela. Hor itxaropena sortu zen finalaurrekoa jokatzeko aukera izango genuela. Duela bi aste hizketan aritu ginen, akordiora iritsi, eta jokatuko dugu. Gustura eta ilusioarekin nago; ea kantxan erakusten dugun maila onean gaudela.
Izan duzue Agirrek eta biok kontzentratzeko astirik, finalaurrekoa prestatzerik?
Bi aste pasatuko dira hitz egin genuenetik ostiralera [gaur] arte. Ez dira momentu errazak. Txapelketa txapelketaren gainean, eta denbora gutxi dago errekuperatzeko. Buruan pilota ez beste gauza batzuk eduki ditugu. Bi asteotan buru-belarri jarri gara finalaurrekoa prestatzeko. Partidetan sentsazioak onenak ez dira izan, baina entrenatzen bai.
Batera entrenatu zarete?
Ez. Agirre unibertsitatean dabil, arratsaldeetan entrenatzen du, eta gu goizetan aritzen gara. Lehengo astean bakoitza bere aldetik ibili gara. Elkarrekin jokatutako partida ondo etorri zaigu berriz martxan jartzeko eta konfiantza berreskuratzeko.
Binakako finalaurrekoa duzu gaur, Bilboko Bizkaia frontoian (22:15ean, ETB1en zuzenean). Nolako partida espero duzu?
Gure aldetik, nahiko gustura nago: fisikoki eta eskuetatik ondo gaude, eta horrek konfiantza ematen du partidara joateko. Badakigu oso partida zaila edukiko dugula. Ezkurdia azken hiru-lau urteetan izugarrizko maila ematen ari da, partidak berak bakarrik ateratzen ditu aurrera. Julenek ere partida txarrik ez du egiten, pilota bat galdutzat ez du ematen, eta berea egingo du. Guk gurea ondo egin beharko dugu, irabazi nahi badugu. Partidan ondo sartu, opari gutxi egin eta gure maila emanez gero, aukerak izango ditugu.
Binakako Txapelketak zor bat ez al dauka zurekin? Finalean izan zinen Berasaluzerekin, eta min hartuta erretiratu zen; Olaizola erretiratu zen; aurten ere kili-kolo… Beti bada zerbait kontra ateratzen zaizuna.
Bai, egia da. 9. txapelketa dut hau, eta bategatik edo besteagatik ez dut zorte handirik izan. Batzuetan lagunak lesionatu zaizkit, beste batzuetan ez naiz ni punturik onenean aritu. Final hartan ere pasatu zena pasatu zen; ilusio handiarekin geunden, finalaurreko ligaxkan irabazi egin genien Irujo-Zabaletari. Tira, aurten oraingoz aukera badaukagu finalean izateko.
Urtea izan daiteke? Txapela janzteko gogoa izango duzu.
Bai, urte asko daramat horri begira. Atzelariek, azkenean, beste txapelketetan aukera handirik ez dugu izaten, eta Binakakoari begira egoten gara. Ea aurten den. Egoera ere ez da onena, frontoiko giroa falta dugu. Oso arraroa da. Baina zorte handia dugu telebistarekin hor egonda.
Hamar urte egin dituzu profesionaletan.
Oso-oso azkar pasatu zait. Ematen du lehengo hilean debutatu genuela. Inongo lesiorik ez dut izan, eta horrek aurrera egiten laguntzen du, bai entrenatzeko, bai jokatzeko. Momentuan, behintzat, zortean naiz. Hamar urteotan momentu onak eta txarrak izan dira, baina onekin gelditzen naiz. Hemendik aurrera ere ea horrelako zortea daukagun, eta ahal den urterik gehien hor egoten garen.