Ariguneei esker ona eta bertsoak, Euskaraldia bukatzeko
Euskaraldiari agur esateko ekitaldia egin dute Ordizian. Ariketan parte hartu duten Ariguneei omenaldia egin eta bertso saioa izan dute.
Bukatu da Euskaraldia. Bigarren ekitaldiak euskaraz gehiago, gehiagorekin eta gehiagotan hitz egitera bultzatu ditu herritarrak, hamabost egunez. Aurtengoa edizio berezia izan da, COVID-19ak eta hartaz babesteko hartutako neurriek markatu baitute. Herri askotan ezin izan dute lehen ediziokoak bezalako ekitaldi jendetsurik egin, baina beste batzutan, Ordizian kasu, Euskaraldia agurtzeko ekitaldiak egin zituzten atzo. Segurtasun tarteak eta neurriak gordeta, jende dezente bildu zen herri antzokian.
Ariguneak izan dira aurtengo edizioaren bereizgarri nagusia, eta Ordizia mailan Arigune izan diren komertzio eta lantokiei aitortza eginez hasi zuten ekitaldia. Ondoren bertso saioa izan zuten, Amets Arzallus, Maialen Akizu, Eneko Araiztegi eta Ane Zuazubiskar bertsolariekin.