Legorretak tren geltoki berria izango du, herrigunean bertan
EAJk eta Espainiako Gobernuak egitasmoa 2021eko eta 2022ko aurrekontuetan jasotzea adostu dute
EAJko Joseba Agirretxea eta Iñigo Barandiaran diputatuek eta Aitziber Meabe eta Izaskun Zubeldia zinegotziek prentsaurrekoa eman dute gaur Legorretako geltokian. Bertan, Legorretako geltoki berriari buruz hitz egin dute. 2021 urterako Estatuaren aurrekontuak direla eta, EAJren eta Gobernu Zentralaren artean lortutako akordioan geltoki hori egitea jaso dute. Geltoki berria herrian bertan egongo da: ikastetxearen parean. Aurrekontua 4,2 milioi eurokoa izango da (2 milioi 2021eko aurrekontuan eta 2,2 milioi 2022koan) eta 2024rako bukatuta egotea espero dute. Egungo geltokia herritik urrun dago eta ez da toki segurua. Hori dela eta, askok nahiago dute autoa erabili eta guraso askok autoa erabiltzen dute seme-alabak geltokira eramateko eta geltokitik etxera itzultzeko.
Meabek bidea luzea izan dela esan du. Izan ere, 2009ko otsailean hasi zuten. “EAJk Madrilen egindako kudeaketari esker, aurtengo aurrekontuetan sartzea lortu da. Legorretako EAJk urteak eman ditu proiektu honen alde lanean, nahiz eta oposizioan egon. Urte hauetan, ministeritzaren borondate eza eta udalaren ezintasuna medio, ez da pausorik eman proiektua berreskuratzeko. Baina Legorretako EAJk ez du etsi eta lan honen ondorioa gaur aurkezten dugun emaitza da”.
Egungo geltokia XIX. mendekoa dela gogoratu du. “Bi gizaldiren ondoren, tren geltoki berria edukiko dugu: herriaren erdigunean, erosoa eta gazteentzako eta emakumeentzako seguruagoa. Gainera, garraio publikoaren erabilera areagotuko du”.
Eman beharreko pausoak gertutik jarraituko dituztela aurreratu du. “Jarraipen lana egin beharko da, bai Legorretako Udalaren aldetik, bai Madrileko kongresuan EAJren aldetik. Legorretako EAJren partetik, gure esker ona alderdiari eta kongresuko taldeari, egindako lanagatik eta herriarekiko azaldutako konpromisoagatik”.
Agirretxeak, Gipuzkoako ordezkari bezala, bere lana gipuzkoarren beharrei erantzuna ematea dela esan du. “Behar asko daude eta, zoritxarrez, trenari dagozkion eskumenak Madrilen esku daude. Hor lan asko dago egiteko. Legorretakoa aspaldiko eskaera zen eta zoritxarrez gelditu egin zen. Berriro gure gain hartu dugu eta, aukera izan dugunean, emendakin hau onartzea lortu dugu. Berri pozgarria da legorretarrentzat. Gure eginbeharra hori da eta horretan jarraituko dugu. Ez dugu begiratzen nor dagoen agintean, baina Legorretako EAJren bultzadagatik ez balitz beharbada ez zen lortuko”.