Olentzero ikazkina Mirandaolako burdinolara iritsi da
Lenbur fundazioak Olentzero eta Mirandaola ezagutzeko saioak antolatu ditu. Legazpirekin mugakide diren haurrak soilik joan ahalko dira momentuz. Mugikortasuna berreskuratuz gero, Olentzero abenduaren 23ra bitarte geratuko da burdinolan.
Legazpiko Mirandaola burdinolan ibili da gaur goizean Olentzero. Abenduaren 23ra bitarte, Olentzerori eskutitza emateko aukera egongo da. Euskal Burdinaren museotik hasita, ikazkinaren ogibidea ezagutu dute bertaratutako haurrek. Ondoren, Olentzero, Mari Domingi eta Napoleon astoaren ipuina entzun dute. Bisita borobiltzeko, Olentzero ezagutu dute Burdintxoren laguntzaz.
Legazpiko eta alboko herrietako haurrek, gaurtik hasita abenduaren 23ra arte dute Mirandaolako Burdinolara joateko aukera. Pandemia egoera medio, ezohiko neurriak hartzeaz gain, azaroan zehar egin behar ziren bisitak bertan behera geratu dira. Familia oñatiarrak, zumarragarrak edota legazpiarrak nagusitu dira gaurkoan. Kutsatzea ekiditeko asmoz, familia burbuila berekoak direnak soilik sartu ahal izan dira multzoka Olentzerorengan. Abenduaren 12,13,21,22 eta 23ko saioak egingo ote diren jakiterik ez dago oraindik, Olentzero bisitatu ahal izateko mugikortasun baimena izatea ezinbestekoa baita.