Aholku batzordeak zer esango
Goierriko ostalari, merkatari eta zerbitzu alorreko langileen alde bi manifestazio izan dira. Babes Zibileko Planaren (Labi) aholku batzordeak bihar iragarriko ditu neurriak
Eguberriak ate joka daude, eta beste konturik ez dago jende askoren ahotan. Ostalaritzak itxita jarraitzen du eramateko jan-edanarekin ari direnak salbu, merkataritza eta zerbitzuen arloa ere sumatzen ari da haren gabezia, eta positibo kasuen kopuruen joera beheranzkoa bada ere, positibitate indizea ez da Munduko Osasun Erakundeak eskatzen duen %5era jaisten (epidemia kontrolatutzat jotzen den ehunekoa). Euskal Autonomia Erkidegoan %6,3koa da oraindik hiru herrialdetako zenbatekoak aintzat hartuta.
Datu horiek esku artean dituela elkartuko da bihar Babes Zibileko Planaren (Labi) Aholku Batzordea. Zeharka bada ere, Gotzone Sagardui Osasun sailburuak joan den astean aditzera eman zuen ostalaritzari berriz ere irekitzeko baimena emango dietela ikusteko dago zer neurriren pean eta noiztik aurrera, eta gizarteak nahikoa barneratua du dagoeneko Eguberrietako mahai bueltakoak 10 lagunekoak izango direla eta mugikortasuna arinduko dutela. Bihar arratsean jakingo da hori. Bien bitartean, Iñigo Urkullu lehendakariak indarrean dauden neurriak «zorrotz» betetzeko eta «gehiegizko konfiantza saihesteko» eskatu die herritarrei asteburuan sare sozial bidez.
Mobilizazio zaratatsuak
Neurri berri horiek esango dutenaren esperoan, Goierriko ostalari, merkatari eta zerbitzu alorreko langileen aldeko bi manifestazio izan dira bi egunen buruan SOS Ostalaritza goiburutzat hartuta. Azaroan 28an Beasaindik Ordiziarainoko bidea egin bazuten, pasa berri den larunbatean alderantzizko bidea egin dute sektoreko dozenaka profesionalek eta herritar ugarik. Manifestazioa zaratatsua izan zen, eta Ostalaritza ez da erruduna errepikatzen zen leloetako bat. Atzo eguerdian, berriz, Lazkaoko kaleetan barrena egin zuten manifestazioa ostalarien egoera itoa salatzeko. Autonomoen ordainagiria ordaintzen jarraitzen dute denek, apenas diru sarrerarik dutenean.
Ordiziak eremu gorritik atera ezinik segitzen du
Joan den asteburuan Zumarraga izan zen Goierriko 5.000 biztanletik gorako herrien artean eremu gorritik ateratzen bosgarrena –aurrez Lazkao, Legazpi, Urretxu eta Beasain–, eta harrezkero astebete pasa den arren, Ordiziak ez du lortu oraindik eremu laranjara igarotzea. Bostehundik beherako intzidentzia tasa behar da horretarako, eta 724,23ko tasarekin dago. Beasain eremu laranjan dago (322,4), eta Lazkao (180,21), Legazpi (213,52), Urretxu (205,82) eta Zumarraga (266,20) horian daude.
Asteburuan utzitako datuak ere horren isla dira. Ordiziak 22 pilatu ditu, Beasainek 11, Legazpik 6 eta Zumarragak 3. Urretxun eta Lazkaon ez da bera ere izan. Asteburuko positiboetan Segurako datua da aipagarria, 8 atzeman baititu Osasun sailak, 1 ostiralean, 3 larunbatean eta 4 igandean. Segura da, halabea, bost mila biztanletik beherako herrien artean 5oodik gora intzidentzia tasa (525,28) gainditzen duen bakarra, baina datu hori ez da aintzat hartzen lagina txikiegia delako.