CAFek 500 milioiko eskaria jaso du Myanmarreko gobernuarentzat
Myanmar Batasunaren Errepublikako Garraio eta Komunikazioen Ministerioa Mitsubishi Corporationi esleitu dio proiektua eta honek CAF aukeratu du azpikontratista gisa
CAFek 500 milioi euroko baino gehiagoko eskaria jaso du Myanmarreko gobernuarentzat. 41 unitate ekoitzi beharko ditu, 246 bagoi, denera. Seinaleztapen-sistemen modernizazioaz, bideetako obrez eta geltokien hobekuntzaz ere arduratuko da.
Hamaika tren Yangoneko, hau da, Myanmarko hiri komertzial handieneko linea zirkularra zaharberritzeko erabiliko dira. 46 kilometroko luzera du eta egun ia hiru ordu behar dira ibilbidea osatzeko. CAFek diseinatutako eta hornitutako unitate diesel-elektrikoekin ordubete murriztuko da.
Beste 31 unitateak, Yangon-Naypyidaw-Mandalay linea hobetzera bideratuko dira. 620 kilometroko luzera du eta hamabost ordu behar dira zeharkatzeko. Erdira murriztea espero dute gutxi gorabehera, zortzi ordutara. Herrialdeko ekonomiarentzako linea garrantzitsua da, arlo komertzialeko hiririk garrantzitsuenak eta hiriburua, Naypyidaw, lotzen dituelako.
Myanmarreko gobernuak herrialdeko trenbide-sarea hobetzeko plana abiatu du. Myanmar Batasunaren Errepublikako Garraio eta Komunikazioen Ministerioa Mitsubishi Corporationi esleitu zion proiektua eta honek CAF aukeratu du azpikontratista gisa. Azken urteetan proiektu bat baino gehiago garatu dute Beasaingo eta Japoniako multinazionalek, tartean, Manilako, Istanbuleko eta Canberra hirietako garraio-sistemen eraikuntza.
Asian, bidea egiten
Kontratu honekin Asiako presentzia “areagotzea lortu duela” adierazi du konpainiak. Orain arte Hong Kongerako eta New Delirako metro-unitateak ekoitzi ditu eta Kaohsiung (Taiwan) hirirako tranbiak.