Egoera bakoitzerako planak
COVID-19 gaitzaren hedapena saihesteko etengabe hartutako neurrietara egokitzeko plan berriak aurkitu dituzte goierritarrek. Zaletasun berriak ere sortu dira.
Bizidunen ezaugarrietako bat da garai eta egoera berrietara egokitzea. 2020a doan bezala doanez, arau eta neurri berrietara egokitzeko ahaleginetan ari dira herritarrak etengabe. Gobernuen Aldizkari Ofizialak arretaz irakurtzea da aldaketa horietako bat, COVID-19aren hedapena saihesteko hartutako neurriak ondo irakurri, eta zirrikituak nondik aurkituko aztertzea, eta bizimodu berria eramangarriagoa egiteko irudimena lantzea. Segurasko, ikerketa askotarako gaia izango da azken hilabeteotan herritarrek izandako portaerena eta erakundeek hartutako erabakiena.
Luze joko luke martxoaren 14tik gaur artekoak biltzea, beraz, Jaurlaritzak azaroaren 7an indarrean jarritako murrizketen ondorioei buruzko da erreportaje hau. Alegia, tabernak eta jatetxeak itxita, mugakideak diren herrietara bakarrik joateko aukera eta etxeratzeko agindua dagoen egoerari buruzkoa.
Lehenik eta behin, bakoitzaren herriko mugak ondo aztertzea izan zen bizikleta buelta edo eguneko paseoa nora egin daitekeen ondo aztertzeko. Izan ere, eguraldia lagun, horixe izan baita herritarren aisialdi kuttuna: familiak, kuadrillak, bikote gazteak, gaztetxoak, haurrak… herri inguruetako bideetan eta mendietan ibiltzea.
Bankua eta kafea
Udaberriko bezalako konfinamenduaren beldur-edo, nola edo hala, herritarrek kalera ateratzea eta lagunekin elkartzea du helburua. Elkartzeko topalekuak aldatu dira, ordea. Besteak beste, bankuak edo koskak (eguzkitakoak dira preziatuenak, noski), eta euria egin duenean aterpea. Nahiz eta ostalariek aurreko faseetan tabernako mahaiak eta aulkiak desinfektatzera behartu eta herritarrek hori eskatu, bankuen kasuan, ez dago horrelakorik. Kafea, pipak, gozokiak, txurroak… denak dira baliagarriak lagunarteko egonaldirako.
Ondorio tristeak ere uzten ditu portaera horrek hainbat tokitan. Ordizian, esate baterako, Barrena aurreko gunea itxi egin du: «Orain astebete eskas jakinarazi genuen zaborrez beteta topatzen ditugula gure herriko hainbat gune. Tamalez, jarrera hauek errepikatzen ari dira. hala aurkitzen diren guneak itxi egingo dira eta ez dira hurrengo egunera arte garbituko, guztiok ikus dezagun goizero kaleak garbitu baino lehen garbitzaileek nola topatzen dituzten». Urretxuko Udalak ere mendian arduraz eta errespetuz jokatzeko eskatu die, etxetik eramandako etxera itzultzeko.
Mendia, ordutegiak
COVID-19ak sortarazi duen zaletasun bat ere bada, batez ere belaunaldi gazteetan: mendizaletasuna. Gazte kuadrillez bete dira mendiak; garai bateko erromeriak ekarri dituzte gogora hainbat irudik eta egoerek. Bikoteen arteko harremanetarako tokia ere bilakatu da mendia. Azken egunotan gainera, elurraz gozatzeko aukera izan da.
Gazteen, haurren eta helduen ordutegiak eta bizimoduak parekatu direla esan daiteke. Etxeratzeko orduaren eta tabernen faltan, gaueko gautxori gazteak eguzki bila ibiltzen diren sugandila jostariak bilakatu dira. Oraingoz bukatu dira gazteen eta gurasoen gaueko ordutegien negoziaketak.
Luzerako planik ez egitea, inprobisatzea, kultur ekitaldietara edo kiroldegira joateko aurrez hitzordua hartzea, elizara joatea kultur ekitaldi bat entzutera, dendetan sartzeko ilarak egitea, otordu prestatuak etxerako eskatzea, bideo deiak egitea, eskuak garbitzea, maskara erabiltzea…. horiek ere 2020. urteko ezaugarriak bilakatu dira.
Maskarak aparteko erreportaje bat mereziko luke agian, besteak beste diseinuaz eta erabiltzeko moduez (belarritik zintzilik, okotzaren azpian….)… Bestalde, errebindikaziorako euskarri ere bilakatu da maskara. Movemberreko bibotea, Euskaraldiko puntu koloretsuak… ikusi dira azken asteetan. Gainera, hotza iritsi denean, maskarak inoiz baino traba gutxiago egiten duela esan daiteke, hotzetik babesteko baliagarria baita. Hori bai, txanoa eta maskara jantzita (eta askotan eguzkitako betaurrekoak) lanak izaten dira ondoan dagoena ezagutzen. Txanponak bi alde dituenez, ezkutuago ibili nahi duenarentzat, aukera ona da maskara.
Labi batzordeak gaur iragarriko ditu neurri berriak. Aldizkari Ofiziala irakurri, eta berriz egokitzeko garaia, beraz.