'Enirio-Aralar babestu' agiria sinatu dute bost mendi elkartek eta 123 norbanako mendizalek
Enirio-Aralar Mankomunitateko zuzendaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari eremu horretako ordenantzak "zorrotz bete eta betearazteko" eskatu diete sinatzaileek
Beasaingo Aizkorri Mendizale elkarteak, Ordiziako Mendizaleak elkarteak, Zaldibiako Gailurrerantz Kirol Elkarteko Mendi zuzendaritzak, Tolosako Oargi Mendi Elkarteak, Tolosako Alpino Uzturre elkarteak eta 123 norbanako mendizalek Enirio-Aralar babestu agiria plazaratu dute.
Agiriak honakoa dio, hitzez hitz:
“Agiri hau sinatzen dugun mendi-elkarte eta norbanako mendizaleek jakinarazten dugu oso kezkatuta gaudela Enirio-Aralarko Mankomunitateko lurretan ikusi ohi ditugun zenbait jokabiderekin: pistetako langak giltzarik gabe edozeinek irekitzeko moduan, ibilgailu motordun ugari pistetan gora eta behera, lur orotako ibilgailuak pistetatik kanpo hara eta hona…
Ikusitakoak ikusita, Aralarko bidexka eta larreetan lasai ibili eta gozatzeko eskubidea aldarrikatzen dugu, eta agintari eskudunei –Mankomunitateko Zuzendaritzari eta Gipuzkoako Foru Aldundiari– eskatzen diegu, batetik, zorrotz bete eta betearaz ditzatela eremu horretako ordenantzak eta antolamendu-planak, beharrezko kontrol-neurriak hartuz, eta, bestetik, Aralarko mendien eta paisaiaren egoera hobetzeko eta biodibertsitatea zaintzeko eta, ahal den neurrian, leheneratzeko neurriak martxan jar ditzatela”.