Greba egingo dute Gipuzkoako adinekoen egoitzetan abenduaren 10ean eta 11an
Lan hitzarmen berriaren negoziazioa "desblokeatzea" eskatuko dute ELA eta LAB sindikatuek deituta. Ordizian eta Zumarragan egingo dira elkarretaratzeak eta herritar guztiak daude deituta.
Bi eguneko greba egingo dute Gipuzkoako adinekoen egoitzetako langileek. Biharko, abenduak 10, eta etzirako, abenduak 11, egin dute deialdia, ELA eta LAB sindikatuek. Gogorarazi dute, «jadanik 10 urte luze» pasa direla Gipuzkoako zahar egoitzetako hitzarmena sinatu zenetik, eta hitzarmen berriaren negoziazioa hasi zutenetik, «hiru urte» igaro direla. Gipuzkoako egoitzei buruzko hitzarmen berriaren negoziazioa «desblokeatzeko» eskaera gizarteratu nahi dute mobilizazioen bidez. Hitzarmen kolektibo berri bat eta langileen osasuna eta segurtasuna bermatzeko neurriak exijituko dituzte. Bi egunetan, elkarretaratzeak deitu dituzte, Ordiziako Plaza Nagusian lehenik, 10:00etan, eta Zumarragako udaletxearen aurrean, 11:30ean. Herritar guztiak deituta daude mobilizazioetan parte hartzera.
Ez da berria Gipuzkoako adinekoen egoitzetako gatazka, denbora asko daramate protestekin, bi urte bai jada, baina ELAk eta LABek nabarmendu dutenez, «Gipuzkoako Foru Aldundiak eta % 90ean diru publikoz finantziatutako sektoreko enpresek ez dute ezer egin gure lan baldintzak hobetzeko». Egoera «guztiz larria» dela salatu dute; «bi urteko borroka baten ondoren, izurrite gogor honen aurrean sektore zaurgarriena aurrera ateratzen ari garenok egoera hau pairatzen egotea ezin da onartu».
Pandemiak, gogor kolpatu ditu egoitzak ,eta langileak nekatuta eta haserre daude: «Gure lan osasuna eta segurtasuna arriskuan jartzen dugu egunero, lan kargak bikoiztu dira eta egoiliarren zaintzaren kalitatea kinka larrian dago». Egoiliarren eta langileen eskubideak «alde batera utzi» direla gogor salatu dute, eta ez daude prest egoera hau luzatzeko.
Aldundiaren neurriak
Gipuzkoako Foru Aldundiak COVID-19ak eragindako egoeraren azterketa egin du, eta horretan oinarrituta, 25 neurri «urgenteak eta osagarriak» iragarri ditu Maite Peña diputatuak, aste honetan bertan. Neurri horien artean, adinekoen egoitzetako arreta ratioak indartzea nabarmentzen da, hala nola bisitak areagotzea, Peñak adierazi duenez. Helburua da, «egoiliarren segurtasun eta ongizate emozionalaren arteko oreka bilatzea».
Baina diputatuak iragarri berri dituen neurriak berandu iritsi direla salatu dute ELAk eta LABek. «Bi urteko greba luze eta gogor honetan egin ditugun aldarrikapenak onartu izan balitu gaurko egoera askoz hobea izango zen».
Gauzak horrela, ELA eta LAB sindikatuek argi daukate; «ezinbestekoa da aliantzak sustatzea, gure borroka sozializatzeko, eta momentu aparta da denon artean kaleak hartzeko».