Olentzerok Goierriko haurrei
Menditik herrietara jaisten hasi da Olentzero, gutunak jasotzeko eta umeekin egoteko. Haurrei gutuna berak idatzi die aurten, ordea. Irakurri, umeok, ikazkinak zuentzat bidali duen idatzia.
Kaixo, Goierriko lagun maiteak! Zer moduz zaudete? Olentzero naiz, eta zuetako askok badakizuen arren, hasi naiz herrietara joaten eta gutunak jasotzen. Batzuk etorri zarete dagoeneko bisitan. Besteak, lasai! Abenduaren 24ra bitartean aukera gehiago izango ditugu-eta elkarrekin egoteko.
Urte gogorra izan al da zuentzako ere? Bai, ezta? Inork eskatu ez duen birus krudel hau etorri zaigu, eta neronek ere maskara jantzi behar izan dut! Joxantonio astoari ez diot jarri, horzkaka jan egiten du eta! Nahikoa lan badaukat nik ere maskararekin: pipari hortzean ezin heldu, jateko sarri-sarri kendu behar… Horixe, tripontzi hau beti jaten ari da eta. Ikatz txondorraren ketik ere babesten nau behintzat!
Badakit zuek ere bikain portatu zaretela aurten. Den-denok. Beno, kaxkurrioren bat edo beste bihurrixeago, baina tira… Dena jakiten dut nik! Eta ikusi zaituztet etxetik irten ezinik egon zaretenean zein ondo egon zareten, eta zer txukun egin dituzuen eskolako lanak, bertara joan ez arren. Parkean jolasten utzi ez dizuetenean, kasu egin duzue. Aitona-amonak ezin zenituztela besarkatu esandakoan, ulertu duzue. Txapeldunetan txapeldunak zarete! Gora zuek.
Helduak kezkatuta, goibel eta haserre dabiltza. Baina konturatu naiz zenbat laguntzen diezuen gurasoei, irakasleei eta inguruko adinekoei. Eta laguntxoei ere bai. Badakizue sekretu bat? Olentzero txikiak zaretela zuek denok, eta alaitasuna eta bizipoza oparitzen diezuela helduei, egunero. Jarraitu horrela.
Gabon gauean zuekin gogoratuko naiz. Urte guztian zuek nirekin gogoratu zareten bezala. Eskatutako guztiak eramaterik ez dakit izango dudan, Joxantonio alfertuta baitabil aspaldian. Baina zerbait iritsiko da, seguru baietz. Ziur-ziur, hauxe eramango dizuegu: osasuna eta maitasuna, denen artean banatzeko.
Goraintziak Maridomingiren partetik ere. Asko maite zaituztegu, eta laster arte. Horra, horra, gure Olentzero…
Olentzero Goierrin
- Legazpi. Mirandaolako burdinolan, igandean izan zen lehen bisita. Legazpiren mugakide diren herrietakoentzat soilik. Familiaka. Mugikortasun murrizketak arintzen badira, hurrengo bisitak: abenduak 12, 13, 21, 22 eta 23. Izen-ematea: 943 73 04 28, mirandaola@lenbur.com edo lenbur.com.
- Zegama. Anduetza parketxean. Abenduak 12, 13, 19 eta 20. Txandak: 11:00, 12:30, eta larunbatetan 16:00 eta 17:30 ere bai. Familiaka bereizita. Gutuna eman, ipuina entzun eta talo egiteko tailerra. Prezioa: 5,50 euro. 943 80 21 87, 688 895 069 edo anduetza@gipuzkoanatura.eus.
- Zerain. Aizpea museoan. Abenduak 19 eta 20. 10:00etatik 14:30era. Prezioa: 8 euro (mokadua eta eskulana barne). 943 8015 05, 649 94 62 77 (Whatsapp) edo turismobulegoa@zerain.eus.