Urretxuko Migel Indurain
Jesus Mujika txirrindulariak Bordele-Paris lasterketa irabazi zuen eta Paris-Roubaix eta Paris-Brusela lasterketetan hirugarren postuan sailkatu zen. Duela 70 urte hil zen, auto istripu batean, 24 urterekin.
Duela 70 urte, 1950eko azaroaren 13an, hil zen Jesus Mujika, Urretxuk sekula eman duen txirrindulari onena. Urretxuar honek Bordele-Paris lasterketa ospetsua irabazi zuen, Paris-Roubaix eta Paris-Brusela lasterketetan hirugarren postuan sailkatzea lortu zuen eta hil zenean orduaren errekorra prestatzen ari zen.
Jesus Mujika Errasti 1926ko irailaren 18an jaio zen, Mendiolatarren etxean. Gurasoak Jose Mujika elorriarra eta Maria Errasti gatzagarra zituen. Aita basogizona zen. Euskal Herrian ez zuen lan egonkorrik aurkitzen eta Jesusek 5 urte zituenean familia Frantziara joan zen. Tarbes eta Okzitaniako Tolosa artean dagoen herri txiki batean finkatu ziren, Boulogne-sur-Gessen. Aitak nekazari eta basogizon lanak egin zituen han. Frantziara heldu zirenean Jesusek euskaraz bakarrik hitz egiten zuen. Frantzian Jesus izena batere ohikoa ez denez, herriko apaizak bigarrengoz bataiatu zuen eta Jacques izena eman zion.
Mujikak oso gaztetatik emaitza bikainak lortu zituen txirrindularitza lasterketetan. Hala, Errepideko Zezena goitizena jarri zioten. Antonin Magne zur eta lur utzi zuen bere indarrarekin. Magnek Frantziako Tourra irabazi zuen 1931n eta 1934an eta Munduko Txapelketa 1936an. Erretiroa hartu ondoren kirol zuzendaria izan zen eta Mujika bere taldera eraman zuen.
Sekulako errodadorea
Magnek talde bikaina zuen. Mujikaren taldekideen artean zegoen Rik Van Steenbergen belgiarra, Munduko Txapelketa hiru aldiz irabazia, Paris-Roubaix eta Flandriako Tourra bitan eta Milano-San Remo behin.
Mujikak ere maila bikaina eman zuen egun bateko lasterketetan. Sekulako errodadorea zen eta klasiko garrantzitsuenetan parte hartu zuen: Milano-San Remo, Paris-Tours, Paris-Brusela, Paris-Roubaix… 1949an, 23 urterekin, Challenge Yellow saria irabazi zuen. Sari hori urteko frantziar onenari ematen zioten. 1982an utzi zioten sari hau emateari. Palmaresean, Mujika historia egin duten txirrindulariekin batera ageri da: Bobet, Anquetil, Geminiani, Poulidor, Thevenet, Hinault…
1949an bera izan zen Frantziako txirrindulari onena. Sekulako denboraldia osatu zuen. Paris-Brusela eta Paris-Roubaix lasterketa ospetsuetan hirugarren postuan sailkatu zen. Urte hartako Paris-Roubaix historiako sonatuenetakoa izan zen. Mujikak ihes egin zuen, 26 kilometroren faltan. Mahe eta Leenen txirrindulariek harrapatu egin zuten. Ondoren, urretxuarra erori egin zen eta pedal bat hautsi zuen. Hala ere, hirugarren postuan heldu zen.
Mahe, Leenen eta Mujika prentsa aretotik sartu ziren Roubaixeko belodromora. Izan ere, polizia batek ibilbidetik desbideratu zituen. Tropela beraien ondoren sartu zen. Tropeleko esprintean Serse Coppi nagusitu zen, Fausto Coppiren anaia. Coppi anaiek erreklamazioa aurkeztu zuten, hiru lehenek ez zutelako ibilbidea errespetatu. Mahe deskalifikatu egin zuten.
Baina hurrengo astean Frantziako Txirrindularitza Federazioak Mahe irabazle izendatu zuen. Ondoren, Italiako Txirrindularitza Federazioak Nazioarteko Txirrindularitza Elkargora jo zuen. Abuztuan, Elkargoak emaitza baliogabetu egin zuen eta behin-betiko erabakia azaroko bileran hartuko zuela aurreratu zuen.
Fausto Coppik garaipena bere anaiari ematen ez bazioten, ez zuela gehiago Paris-Roubaix proban parte hartuko esan zuen. Nazioarteko Txirrindularitza Elkargoak, presiopean, biak garaile izendatzea erabaki zuen: Mahe eta Coppi. Kazetari batzuk garaipena merezi zuena Mujika zela idatzi zuten, lasterketa bikaina egin baitzuen. Youtuben lasterketa hartako bideo bat dago. Bideo horretan Mujika ere ageri da eta esatariak bere izena aipatzen du.
Tourrak keinu Mujikari
Urretxuarra txirrindulari gogorra zen eta berehala atera zuen arantza. Maiatzaren 29an garai hartako lasterketa ospetsu eta gogorrenetako bat irabazi zuen: Bordele-Paris. Proba hori Frantziako Tourra baino lehenago jaio zen, 1891n, eta oso berezia zen: ia 600 kilometro zituen eta lasterketaren bigarren zatian txirrindulariak Derny izeneko moto baten atzetik joan zitezkeen. Motoak haizea kentzen zien eta 60 kilometro orduko abiada hartzen zuten.
Bordele-Paris 1980ko hamarkada amaieran utzi zioten antolatzeari. Izan ere, ordurako oso txirrindulari gutxik parte hartzen zuten, gogorregia zelako. Palmaresean txirrindulari bikainak ageri dira: Rivierre, Garin, Kubler, Bobet, Simpson, Anquetil, Janssen, Godefroot, Van Springel, Duclos-Lassalle…
Mujika frantziarren txirrindulari kuttunetako bat zen eta Tourrean ikusi nahi zuten. Urretxuarra nekatuta zegoen, ordea, eta ez zuen 1949ko Tourrean parte hartu. 1950eko Tourrean ere ez zuen parte hartu eta hilabete batzuk beranduago, azaroaren 13an, auto istripu batean hil zen, Jean Rey lagunarekin batera, Saint Etienneko lasterketatik etxera bidean. 1951ko Frantziako Tourra Boulogne-sur-Gessetik pasa zen, Mujikaren omenez.
Coppiren bizikleta
Urretxuarra garai hartako txirrindulari onenekin lehiatu zen eta behin baino gehiagotan nagusitu zitzaien. Coppirekin lehia handia izan zuen eta biek errespetu handia zioten elkarri. Hala, batak besteari txirrindu bana oparitu zioten.
Mujikak arrastoa utzi zuen Frantzian. Urtero bere omenezko lasterketa bat antolatzen dute Boulogne-sur-Gessen. Lasterketa hasi aurretik, parte hartzaileek bere hilobian lore eskaintza egiten dute. Garai batean lasterketa honetan punta-puntako txirrindulariek parte hartu zuten. Besteak beste, Bahamontes espainiarrak. Haren omenezko lasterketa antolatzeaz gain, kale bati Jesus Mujika izena eman zioten Boulogne-sur-Gessen.
Urretxun ere omenaldiak jaso ditu. Joxe Mari Iparragirre Mister zena Mujikatarren senitartekoa zen, eta behin Boulogne-sur-Gessera joan zen Juan Mari Ormazabalekin eta Joxe Irurerekin, senitartekoak ezagutzera. Ordutik, urretxuar asko joan dira bertara eta Mujikatarrak sarritan etorri dira Urretxura bisitan.
Juanito Arbizu alkate zen garaian, Boulogne-sur-Gessen festa bat egin zen. Bertan, Lurra dantza taldeak eta Ramon Iurrebaso aizkolariak parte hartu zuten, besteak beste. Handik urte batzuetara, herri hartako balkoian ikurrina jarri zuten. Urretxun egindako ekitaldiei dagokienez, bai udalak eta bai Goierri kirol elkarteak Mujika omendu izan dute.