Gabonak ate joka dira
Kaleko argiak piztuta, Olentzeroren bisitak martxan eta Udanako jaiotza jarrita daude. Ilintik ere hasi du urteroko kanpaina. Martin Pipasek abenduaren 22an jasoko ditu gutunak
Aurtengo Gabonak bereziak izango direla ez dago zalantzan jartzerik, baina ospatu, ospatuko direla ere ez. Legazpi hasi da data esanguratsu horiei begira prestatzen. Kaleak bete dira argi dizdiratsuz eta apaingarriz, Olentzero hasi da Mirandaolara bisitak egiten, Txorroneako bal- koian jarri dute azken urteetako panpina, eta Ilinti ere murgildu da Gabonetako kanpainan.
Jaiotzak ere Legazpiko Gabonen ikur dira, eta bat, Udanakoa, jarrita dago astelehenetik.
Udanako jaiotza
Azken 15 urteetan egurrezko jaiotza txiki bat jarri izan du Jose Luis Arzuagak Udanako mendatean, errepidearen ondoko pago baten enbor hustuan. Oñatitik Legazpirako norabidean, eskuinean dago, bigarren eta hirugarren bihurgune handien artean.
Hiru piezaz eta izarrez osatutako jaiotza da, Arzuagak berak egindakoak. Kotxe, autobus eta kamioi gidariei eta txirrindulariei Gabon izpiritua eta goxotasuna helarazteko asmoz jartzen du. Urtarrilaren 6ra bitartean egongo da bertan.
Ikastolako jaiotza erraldoia, berriz, aurten ezin izan dute egin, COVID-19aren ondorioz jendea elkartzeko ezarritako mugengatik batetik, eta jaiotza hartzen duen aretoa ikastolak berak behar zuelako bestetik.
Ilintiren kanpaina
Ilinti Legazpiko merkatarien elkarteak hasi berria du urteroko kanpaina, herriko ostalaritzari elkartasun keinu bat eginez.
Legazpiko taberna eta jatetxeetan gastatzeko 5 euroko 410 bonu zozkatuko ditu elkarteko 41 dendetakoren batean erosketak egiten dituztenen artean. Zozketan parte hartzeko, erosketa agirian izena eta telefono zenbakia jarri besterik ez da egin behar. Hamar zozketa egingo dituzte abenduaren 31ra bitartean, bakoitzean 41 bonu banatuz.
Horrez gain, 100 euroko beste 10 sari ere zozkatuko ditu elkarteak, horretarako ticket berberak erabiliz. Zozketa hori urtarrilaren 5ean egingo dute.
Legazpiko Udalaren laguntza izan dute kanpaina garatzeko.
Martin Pipas, gutunen zain
Merkatu Txikia eta Santo Tomas azoka ere Legazpiko Gabonekin zerikusia duten ekintzak dira, baina aurten ez dira egingo ez bata ez bestea. Hala ere, Haztegik jakinarazi duenez, Martin Pipasek jasoko ditu Olentzerorentzako eta Mari Domingirentzako gutunak, horretarako ikastolan bertan idazkaritza ondoan eta Latxartegi parkean jarritako buzoietan. Abenduaren 22an jasoko ditu gutunak bertatik.