Errugbia Altamirara bueltatuko da jardunaldi bikoitzarekin
Asteburuan, Ohorezko Mailako bosgarren jardunaldia jokatuko dute. Ampo Ordiziak Complutense Cisneros talde madrildarra hartuko du bihar etxean. Igandean, bigarren taldearen txanda izango da.
Iragan asteburuko etenaren ondoren, aste honetan errugbia bueltatuko da Altamirara. Valladolideko porrotaren arantza kentzeko asmoarekin, onena ematera salto egingo du zelaira talde ordiziarrak. Asteburuan, Ohorezko Mailako bosgarren jardunaldia jokatuko dute, eta Complutense Cisneros talde madrildarra izango dute aurrez aurre. Madrildarrek ez dute liga hasiera ona egin. Orain arte jokatu dituzten partidetatik bakarra irabazi dute, Ciencias Universidad Pablo de Olavide talde sevillarraren kontra. Bi taldeak beraz, garaipenagatik borroka egingo dute. Bihar, larunbata, jokatuko dute, esan bezala Altamira zelaian, 16:00etan hasita.
Moyua ere Altamiran
Ohorezko mailako mutilen partida ez da asteburuan Altamiran jokatuko den bakarra ordea. Izan ere, Moyua Goierri taldeak ere etxean jokatuko du. Kasu honetan Barca Rugby izango da aurkaria. Moyuak, etzi, igandea, jokatuko du, 12:00etan.
Sailkapen nagusiari errepaso eginez, Ohorezko Mailako mutilak seigarren daude eta 23 urtez azpikoak, bigarren.