Eskola Agenda 2030ean lehorreko ekosistemetako bizia landuko dute Urkipen
Eskola Agenda 21 eraberritu eta Eskola Agenda 2030 bezala ezagutuko da 2020-2021 ikasturtean. Nazio Batuek adostutako Garapen Iraunkorreko 15. helburua da aurten landuko dutena.
2020-2021 ikasturtean, orain arte ezaguna zen Eskolako Agenda 21 programa, Eskolako Agenda 2030ean bihurtu da. Agenda berri hau, Nazio Batuetako Erakundeak adostutako Garapen Iraunkorreko 17 Helburuetan oinarritzen da. Helburu hauek 2015eko irailaren 25ean onartu zituzten NBE osatzen duten 193 herrialdek, nagusiki mundu mailan pobrezia desagerrarazi, planeta babestu eta pertsona guztiei oparotasuna bermatzeko. Hemendik aurrera, Itsosondoko Urkipe eskolan egingo duten lanketa helburu horietan oinarrituko da. Programa hau Itsasondoko Udalak bultzatzen du eta Artelatz Ingurumen Zerbitzuak S.L.k garatzen du Urkipe Herri Eskolakoekin batera.
Ikasturte honetan, 15. helburua izango dute abiapuntu: lehorreko ekosistemetako bizia. Helburu «oso zabala» dela argitu dute Artelatzetik: «Lehorreko bizitza babestea, lehengoratzea eta modu jasangarrian erabili dadila sustatzea; basoak modu jasangarrian kudeatzea; basamortutzearen aurka borrokatzea; lurren degradazioa gelditzea eta lehengoratzea; eta biodibertsitatearen galera gelditzea». Oraingoan, zehazki, basoen inguruan arituko dira.
Ikasturtean zehar, ikasleekin batera, gaia hausnartzeko aukera izango dute eta ekintza desberdinak ere egingo dituzte. Dagoeneko martxan daude, eskolako partaide guztiak, ikasle, irakasle zein gurasoak, aldaketak jakinarazi zaizkie eta motibazio fasean sartuta daude bete-betean. Hemendik aurrera eskola inguruko eta herriko basoen diagnostikoa egingo dute, beti ere aurtengo helburua kontuan izanik. Horretarako, galdera askori erantzunak bilatzen ahaleginduko dira, adibidez, zer den basoa, zerk osatzen duen, landaketa eta basoa gauza bera diren ala ez, eta ikastetxearen ingurua nolakoa den, besteak beste.