'Pakito' Mujika aske gelditu da
Francisco Mujika Garmendia 'Pakito' preso politiko ordiziarra aske gelditu da duela minutu gutxi. Ia 29 urte egin ditu Frantziako eta Espainiako espetxeetan preso.
Francisco Mujika Garmendia ‘Pakito’ preso politikoa aske gelditu da, aurrenekoz atxilotu zutenetik 29 urte pasa direnean. Gaur arratsaldean atera da Zuerako (Aragoi, Espainia) kartzelatik. Bere zigorra amaitu duen egunean bertan gelditu da aske. Guztira, 28 urte eta bederatzi hilabete pasa ditu kartzelan. Egun, 67 urte ditu ordiziarrak
1992. urtean atxilotu zuten Bidarten, Jose Luis Alvarez Txelis eta Joseba Arregi Fiti-rekin batera, garaiko ETAren zuzendaritzaren aurka egindako sarekada batean. Bederatzi urtez izan zuten preso Frantzian, eta 2000. urtean Espainiaratu zuten. Frantziar espetxeetan betetako kartzelaldia kontuan izanez gero, lehenagotik behar luke kalean Mujikak, baina Espainiako Auzitegi Naziolak ez zizkion han betetako urteak kontuan hartu. 2003an, 2.354 urteko kartzela zigorra ezarri zioten, Zaragozako kuartelaren aurka egindako atentatua leporatuta.
Azken hamar bat urteak Zuerako espetxean egin ditu, denak ere, lehen graduan. Auzitegi Nazionalak ezarritako zigorra datorren urtean beteko zukeen Mujkak, baina haren defentsak argudiatu duenez, Fresneseko espetxean gehiegizko hilabete batzuk eman zituen, Espainiaratze aginduaren zain zegoela. Agintari frantsesek orain aitortu dute behar baino denbora gehiago izan zutela espetxean, eta Auzitegi Nazionalak ere luzapen hori onartu du, kartzelatik irteteko ezarrita zuen data aurreratuz.
Horrela jaso du Aragon TV telebistak Mujika Garmendia espetxetik atera den unea:
Francisco Mujika Garmendia, alias ‘Pakito’, histórico jefe de ETA detenido en la operación Bidart en 1992, ya ha salido de la prisión de #Zuera tras adelantar unos meses su liquidación de condena. En 2003 fue condenado por el atentado contra la casa cuartel de #Zaragoza.#AN2 pic.twitter.com/N7xRp37t8v
— Aragón TV (@aragontv) December 11, 2020