Tabernak ireki eta mugikortasuna lurralde mailara zabalduko dute
Eusko Jaurlaritzak ostalaritza zabaltzea erabaki du intzidentzia tasa baxuko herrietan; Ordizia da salbuespen bakarra. Herri mailako konfinamendua bukatu da
Tabernak irekita eta mugikortasuna lurralde mailan. Horiek dira Eusko Jaurlaritzak hartutako azken neurrien aldaketarik garrantzitsuenak. Ikusmin handia zegoen Eguberriei begira zein neurri hartuko ziren jakiteko. Babes Zibileko Planaren aholku batzordeak asteazkenean egin zuen bileran hartu zituzten neurri horiek. Hiru bloke nagusitan banatzen dira neurri horiek: mugikortasuna, jende- elkartzeak eta ostalaritza.
Mugikortasunarena da berrikuntza nagusietako bat. Orain arteko udalerri mailako konfinamendua altxatu eta herrialde mailakora pasako da; hala, goierritarrek Gipuzkoan barrena mugitu ahal izango dute. Erkidego mailako itxialdia mantendu egingo da, baina salbuespenekin; abenduaren 23tik 26ra eta 30etik urtarrilaren 2ra mugitu ahal izango baita.
Eguberriei begira beste erabaki batzuk ere hartu dituzte, batez ere, jende elkartzeei dagozkionak. Gehienez sei lagun elkartu ahal izango dira, baina Eguberrietako otorduak egin ohi diren egunak salbuetsi dituzte: abenduaren 24, 25, 31 eta urtarrilaren 1a, alegia. Gainontzean, kaleko ospakizunak eta jende pilaketak eragin ditzaketen ekitaldi guztiak debekatu dituzte. Aurten ez da, horrenbestez, ez kantu eskerik, ez San Silbestre probarik, ez eta errege zamalkadarik izango.
Ostalaritza, mugekin
Bost astez ostalaritza erabat itxita izan eta gero, atzera tabernak eta jatetxeak zabaltzea erabaki du jaurlaritzak. Sektoreak egindako eskaera nagusiak aintzat hartu ditu jaurlaritzak. Terrazak irekitzeaz gain, taberna barruan ere kontsumitu ahal izango da, beti ere %50eko edukiera errespetatuz eta eserita.
Tabernen irekiera, intzidentzia tasak baldintzatuko du, ordea. Tasa hori 100.000 biztanletik 500ekoa baino txikiagoa duten herrietan bakarrik zabaldu ahalko dute. Goierrin, Ordiziari eragiten dio muga horrek, 500etik gorako intzidentzia tasa duen herri bakarra baita. Beraz, Ordiziako tabernek itxita jarraitu beharko dute, harik eta tasa hori 500eko mugatik jaitsi arte.