Topo, kidetzerik gabe
Goierriko artisten erakusketa bihar zabalduko dute, 18:00etan. 35 artistek hartu dute parte: margolariak, eskultoreak eta argazkilariak. Aurtengoan ez dute kidetzeko bazkaririk egingo
Sergio de la Fuente marrazkilariak dio, erdi txantxetan, Goierriko artisten topaketa «aitzakia» dela denak elkartu eta bazkaria egiteko. Aurtengoan ezinezkoa zaie kidetzea egitea, baina erakusketari eustea erabaki dute. Artistentzako garrantzitsuena euren lana erakustea baita.
Goierriko artisten 29. erakusketak bihar zabalduko ditu ateak, 18:00etan. Urtarrilaren 3ra arte egongo da ikusgai, Igartza Jauregiko erakusketa aretoan. 35 artisten lanak egongo dira ikusgai: margolariak, argazkilariak eta eskultoreak: «Pentsatzen genuen aurten gutxiago elkartuko ginela, baina jende berria ere sartu da eta aurreko urteetako kopuruetan gabiltza. Pozik gaude», dio de la Fuentek. Artisten gehiengoa goierritarra da, nahiz eta kanpoko artistaren bat ere badagoen.