Beldur Barik lehiaketako sariak Haztegi ikastolan geratu dira aurten
Ohi baino partaidetza txikiagoa izan da, zazpi lan aurkeztu dira guztira .Partaide guztiak Haztegi ikastolako ikasleak dira. Ikus-entzunezko lanak egin dituzte, desberdintasuna salatzeko.
Aurreko edizioetan baino oihartzun apalagoarekin egin da aurten Urola Garaiko Tokiko Beldur Barik Lehiaketa. Partaidetza ere beste urteetan baino txikiagoa izan da, baina parte hartu duten ikasleek ez dute aukerarik galdu euren ikus-entzunezko produkzioekin desberdintasun egoerak eta indarkeria sexistaren adierazpenak salatzeko.
Goierri garaia mailako lehiaketa honen sari banaketa ekitaldia ere beste urteetan baino xumeagoa izan da, COVID-19aren ondoriozko murrizketengatik.
Sarituak, Haztegikoak
Haztegi ikastolakoak izan dira partaide guztiak, DBH 3ko ikasleak, eta zazpi lan aurkeztu dituzte. Sari banaketa ekitaldia ikastolako maila bereko ikasleen aurrean bakarrik egin zen. Emanaldia Sexune Elkartearen Sexijentziak askatuz antzezlanarekin hasi zen, sexu harremanen inguruko gaia jorratzen duen formatu txikiko antzezlanarekin. Ondoren, sari banaketa egin zen.
Bi sari banatu dituzte. June Arranzek, Eider Arrietak, Ane Condek, Markel Garmendiak eta Ibai Mendiak osatutako taldeak egindako Galdera berdina, erantzun oso desberdinak lanarentzako izan da lehen saria, eta bigarrena, Xabat Aizpuru, Markel Fuentes, Naroa Iriarte, Iraia Lasa, Chaymaa Mazouz eta Haritz Saralegiren Etxera bidean libre izan nahi dut, ez ausarta. Erosketa baleak jaso dituzte saritzat irabazleek.