Olentzero eta Mari Domingi Agirre-Etxeberrin izango dira abenduaren 24an
Legazpin ohiko erronda ez da egingo aurten. Bi pertsonai horientzako gutunak jasotzeko postontziak jarriko ditu udalak bihar, Kale Nagusian eta Laubiden.
Aurtengo Gabonak desberdinak izango dira COVID-19aren eraginez, eta Legazpin Olentzeroren eta Mari Domingiren errondarik ez da egingo abenduaren 24ko goizean, baina herrira etorri, etorriko dira. Hala, udalak jakinarazi duenez, egun horretan bertan, 11:00etatik 13:00ak bitartean, Agirre-Etxeberrin egongo dira, Santikutz kalera ematen duen ataripean. Bertan hartuko dituzte haurrak, beharrezko segurtasun tarteak gordez.
Olentzerok eta Mari Domingik haurrei azaldu nahi diete aurten harremanak izateko modua desberdina izango dela COVID-19aren ondorioz, eta egun horretan urrutitik ikusi beharko dituztela, baita argazkiak hala atera ere. Gurasoei eta aitona-amonei laguntza eskatu diete horretarako.
Bestalde, bi pertsonai horiei haurrek bidalitako gutunak botatzeko postontziak jarriko ditu udalak bihar Laubiden eta Kale Nagusian, eta hilaren 24an Agirre-Etxeberrin jarriko dituzte.