Etxe enblematiko bat galtzear da erdigunean
Kale Nagusia eta Nafarroa kale artean dagoen Arabaolatzanea botatzen ari dira, erortzeko arriskuan zegoelako. Patxi taberna hartu zuen eraikinak azken urteetan. Ikusmin handia eragin dute lanek.
Legazpiko erdigunea bere etxe zaharrenetako bat agurtzen ari da egun hauetan. Hondeamakinak gelditu gabe ari dira lanean joan den astetik Kale Nagusiko eta Nafarroa kaleko Arabaolatzanea botatzen. Izen horrekin baino, etxe horren behe aldean azken urteetan martxan izandako negozioarengatik da ezagunagoa, hau da, Patxi tabernarengatik.
Obrek ikusmin handia eragin dute legazpiarren artean, baita askoren oroimenak zirikatu ere. Zurrumurrurik ere ez da falta, etxe zahar hori eta ondoan dauden beste biak botata etxebizitza eraikin bat jasoko dutela esanez.
Udalak, ordea, gezurtatu egin du zurrumurrua, momentuz ez baitira Arabaolatzanearen ondoko Santxoneaaundi (Alberdi jantzi dendarena) eta Santxoneatxiki (Basabe janari dendarena) botako, eta ondorioz, ezta etxebizitza eraikinik egingo ere orube horretan. Patxi tabernaren eraikina bakarrik botako dute, osorik, Kale Nagusitik Nafarroa kaleraino, erortzeko arriskuan zegoelako.
Antzinako etxea
Jose Luis Ugartek duela urte batzuk jaso zuen etxe horren historia, herriko erdigunean antzinako eraikinak desagertzen ari zirela aitzakitzat hartuta. 2000. urtean egindako lanean, «Ibarrotegi (Muruanea), Seroretxea (Nikasionea), Zulakoa (Txokozar) eta Kalebarreneko ilada guztia» gogoratzen zituen, aurreko urteetan erdigunean desagertutako etxeak guztiak, baita Bikarioetxe zaharra eta Damata ere. Aldi berean, «harrigarriro» zutik zirauten hiru etxe aipatzen zituen: Arabaolatzanea, Santxoneaaundi eta Santxoneatxiki.
Patxi taberna zegoen etxearen lehenetako izena izan zen Arabaolatzanea, eta gerora Atxaparrokoa eta Zamorenea izenez ezagutu zen.
XVII. mendearen hasieran, Brinkolako jatorria duen Arabaolatza deiturako familia bizi zen bertan, eta horregatik etxearen izena. XVII, XVII eta XIX. mendeetan ezagutu zen etxea izen horrekin, baina XIX. mendearen bukaeran eta XX. mendearen hasieran Atxaparrokoa izena izan zuen. «Baliteke Atxaparro etxe honetan bizi zen Elorzatarren baten gaitzizena izatea. Patricio Elorza, Legazpiko kartoi fabrikako nagusia etxe honetan jaio zen», azaltzen du Ugarten bere lanean. Elorzatarren ondoren Ormaiztegiko Zamora baserrian jaiotako Jose Ignacio Gorosabel eta Gabiriako Maria Izagirre etorri ziren etxe honetara, eta horregatik hartu zuen Zamoranea izena.
Azken urteetan bertan egondako Patxi tabernak ere erantsi du beste izen bat zerrendara.