«Elbarrenak orain ez dauka auzo nortasunik, eta lehen ere gutxi»
Burdinola elkarteak 'Elbarrena, auzo ahaztua' liburua aurkeztuko du larunbatean Latxartegi aretoan. Auzoan bertan jaiotako Felix Ibargutxi kazetaria da egilea. Landa lana egin du batez ere, etxez etxe joanda, bertako biztanleekin hitz eginez eta argazkiak jasoz.
Ergoenako Brinkolak eta Telleriartek liburu bana dute, Elbarrenari egokitu zaio orain.
Ergoenak xarma gehiago izan du beti. Badakizu, baserri zuriak, zelai berdeak, teilatu gorriak… eta industriaren zikinkeriarik ez. Aztirik ere izan zuen bere liburua, eta tartean badira Legazpiko baserri batzuk. Legazpiarrok zorte handia izan dugu, argitalpen horiek, batez beste, bikainak baitira. Eta 2009ko Legazpiko hegoaldeko euskara ere hor da-go, benetako bitxi ederra. Eskerrak eman beharrean gaude Jose Luis Ugarteri, Esteban Alzelai zenari, Aitor Azpiazu Ugalderi, Maria Jesus Ugalderi…
Lehen hasi naiz esaten: Ergoenak, begiratu batera, puntx ge-hiago dauka, baina kontuz, Elbarrenan ere oso toki inportanteak ditugu: Bengolea, Gipuzkoako azken burdinola; Olaetxe zaharra, burdinola harixe lotua; Kusturrutzu baserria, oso aspaldiko eraikina hau ere eta hainbat artzainen geralekua transhumantzia garaian; Galdosko jauregia…
Zein da Elbarrena auzoa, nondik nora iristen da?
Ona, galdera. Gure argitalpen berri honek Jose Luis Ugarte ikertzailearen hitzaurrea dakar, eta hor oso gauza interesgarria ikusiko dute legazpiarrek: 1533ko udal ordenantzetan, ez da zehatz eta argi esaten, baina zeharka adierazten da bi barruti, bi sektore zeudela herrian: Mirandaolatik gorakoa, Ergoena, eta Mirandaolatik Urretxurainokoa. Geroago, 1703ko udal ordenantzetan gauza bera berresten da.
Zein lotura duzu auzoarekin?
Hantxe jaio nintzen, Frailenea izeneko baserrian, 1956an. Bereziarturen fabrika parean zegoen. Ni jaio eta handik zortzi urtera bota zuten, Patriziok inguru hori dena erosi zuelako. Segituan egin zuen pabiloi bat bertan.
Zerk bultzatu zaitu lan hau egitera?
Iazko ekainean han nengoen ni Kale Nagusian, parroki elizatik gertu, eta elizatari aldetik Jose Luis Ugartek kaso egin zidan. Nik «agur» esan eta aurrera egin nuen, baina atzetik etorri eta galdera egin zidan: «Felix, egingo huke Elbarrenaren gaineko liburua?». Nik aurretik bidaliak nizkion inguru hartako historia material batzuk, eta bazekien seguru asko amua irentsiko nuela. Segituan eman nion baiezkoa. Gogoan ditut hitzak: «Baietz esango diat».
Tituluan ‘ahaztua’ adjektiboa erantsi diozu auzoari. Hain ahaztua al da?
Adierazi nahi izan dut ‘Elbarrena’ terminoa bera ahaztua dugula legazpiarrok. Nik lehengoei aditzen nien, baina urteen poderioz gero eta gutxiago. Eta irudipena neukan Legazpiko alde hori gutxi hartzen dela aintzat. Auzo egitura ere apenas izan duen, ez baitzeukan tabernarik, biltokirik, ermitarik…
Zer jasotzen duzu bertan? Nola egituratu duzu?
140 orrialde dira. Eta argazki ugari. Hasteko, euskarazko azalpenak, argazki eta guzti; eta gero, gauza bera gaztelaniaz, baina irudirik gabe. Nik Elbarrenako zati bat ekarri dut liburura. Peineteria esaten zitzaion eraikinetik hasi eta Urretxu-Zumarragako mugaraino. Etxez etxekoa da egitura; alegia, etxe bakoitzak bere atala. Hasteko, Pedro Seguraren industrialdeari buruzko partea dago, oraingo Plasticos Urolaren inguruan zegoena. Han teileria sortu zuen lehenbizi Segurak, gero orrazi fabrika, kanuto fabrika, kartutxo fabrika…
Zein metodologia erabili duzu? Artxiboetatik bueltaka ibili zara, bizilagunekin…?
Artxiborik, apenas. Nik ez dut artxiborik zapaldu, baina Jose Luis Ugartek bai, eta berak pasatako datu historiko batzuk baliatu ditut. Nik zera egin dut: aldiko etxe bat hartu, bertako jendearen hitzordua jarri, pasa bertatik eta oroitzapenak eta argazki zaharrak batu. Berri emaileen argazkiak dakartza liburuak bukaeran, 68 lagun guztira. Landa lana egin dut eta landa lanean jardun naiz. Kilometro asko Donostia-Legazpi-Donostia joan-etorrietan, eta ordu asko sukaldeetan. Lan hau egitean, harritu al zaituen zerbait topatu al duzu?
Harritu nau, adibidez, orain Urretxun bizi den Arantxa Alustizak daukan burua eta daukan argazki bilduma. Bengolean bizi izan zen ezkondu bitartean, Takoloko baserriko azken biztanlea zaindu zuen eta gauza asko-asko ditu gogoan; eta gainera, lagun askoren argazki zaharrak.
Eta bitxikeriak?
Pare bat esango dizkizut; ezin izan dut lortu Zabalotegiko irudirik. Hango jendearen argazki dezente batu ditut, baina ezin erakutsi eraikina nolakoa zen. Eta ezinezkoa izan da Katalina Seguraren argazkia inguratzea ere. Pedro Seguraren alaba zen eta Errepublika garaian euskara eskolak eman zituen, gerra zibila bukatutakoan isun galanta jaso ere bai horregatik, eta etxetik irteteko debekua.
Auzoa orain goitik behera ezagutzen duzunez, nola deskribatuko zenuke labur-labur?
Ba… errepidea erdian dela, esker-eskuin, fabrika eta pabiloiak. Orain ez dauka auzo nortasunik, eta lehen ere gutxi. Hango batzuek Legazpira jotzen dute, beste batzuek Urretxu-Zumarragara. Gainera, etxeetako batzuk desagertu ein dira eta beste batzuk hustu.
Liburuaren aurkezpena larunbatean da. Nolakoa izango da?
Jose Luis Ugartek liburua deskribatuko du eta gero nik hartuko dut hitza. Espero dugu auzoko jende asko biltzea. Ugarte funtsezkoa izan da liburu honetan: jakintsua da eta goitik behera gainbegiratu du nire lana.
Non erosi ahal izango da?
Aurkezpen ekitaldian bertan, eta Apatxo eta Hizkuntza liburu-dendetan. Oso merke: 10 euro.
Eguneroko prentsako lanetik jubilatu zinen, baina honek erakusten du aktiboan jarraitzen duzula.
Bai, gauza batzuk egin ditut Burdinola elkartearen Txinpartak aldizkarirako, eta halaxe jarraitu nahi nuke.
Aurrera begira ba al duzu beste proiekturen bat?
Hasia naiz Legazpiko bertsolaritzari buruzko artikulu luze bat prestatzen.
Legazpirekiko lotura hautsi gabeko kazetaria
Legazpiko Elbarrena auzoan 1956an jaioa, kazetaritza hartu zuen lanbidetzat Felix Ibargutxik. Besteak beste, Zeruko Argia eta Habe aldizkarietan jardun ostean, 1986an El Diario Vasco egunkarian hasi zen lanean, eta urteetan Zabalik euskara gehigarriaren arduraduna izan da. 2019ko otsailean hartu zuen erretiroa. Lehengo jendearen ahotsa eta herriaren memoria jasotzea konstante bat izan da bere lanean. 1981ean jarri zen Donostian bizi izaten, baina beti Legazpira begira bizi izan da, Legazpirekiko lotura hautsi gabe.